Familiak ezagutzak partekatzera gonbidatu ditu Gurasolandiak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 7a, 17:54

Porrotxek eta Maitane Rebek Trukelandia ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkiete Ttakun Kultur Elkartearen Gurasolandia programan parte hartzen duten familiei. Hilabetean behin gauzatuko duten jardueran, partaideek zerbait irakatsiko diote elkarri. Aukera posibleetako batzuk erakutsi dizkiete eguerdian Manuel Lekuona kultur etxean egindako aurkezpenean. 

Porrotx eta Josu Txapartegi Txapas kultur etxeko oholtza gainera irten direnerako, areto nagusian haur asko zain zituen pailazo ileurdinak. Dantzak, musikak eta umoreak huts egin ez badute ere, gaurkoa ez da ohiko ikuskizuna izan, eta alboan betiko kideak beharrean, aski ezaguna duen lagun bat izan du: Gurasolandiako Maitane Rebe. Biek elkarrekin Trukelandiaren nondik norakoak argitu dizkiete bertaratutakoei. Baina horren aurretik, "beroketa" pixka bat egin dute. 

Epo Itaitai E eta Para bara kantatu eta dantzatu dute elkarrekin oholtza gainean eta besaulkietan zeudenek gauza bera egin dute, haurretako asko, zutituta. Ondoren, Rebek Porrotxi Gurasolandia zer de azaldu dio  urtean zehar egin ohi dituzten ekimenetako argazkiak proiektatuta. Familiak hilabetean behin elkartzean egiten dituzten askotariko jarduerak agertu dira irudietan. Pailazoari oso interesgarria iruditu zaio kontatutakoa eta berriro dantza egiteko gogoa piztu zaio. 

Bukatzean, Gurasolandiako parte direnentzat prestatu duten proposamenaren berri eman dio Rebek pailazoari, eta bide batez, familiei: Trukelandia. Izenak berak adierazten duenez, trukean oinarritutako egitasmoa da. Hilabetean behin, Gurasolandiako hitzordua baino bi aste geroago, modu autonomoan hiru familia elkartu, eta bakoitzak ezagutza bat partekatuko du besteekin. Irakatsiko duten hori, askotarikoa izan daiteke: errezetak, esperimentuak, abesti jolasak, ipuinak... 

Adibideekin dena hobe ulertzen denez, horixe egitea erabaki dute aurkezleek. Besaulkietan zeudenen artean boluntarioen laguntza eskatu eta hiru familiak zerbait irakatsi diote gainerakoei. Lehenik, masaje abestia egin du ama-alaba bikote batek, eta Porrotxek, ikasteko gogoz, Txapasi egin dio masajea. Ondoren, besaulkitik ipuin bat irakurri du emakume batek eta agertokiko hirukotea antzezten joan da kontatutakoa. Azken proposamena, berriz, eskujolasa izan da.  

Trukelandia zer den barneratuta, pailazoak magia truko bat partekatu nahi izan du. Aulki baten gainean sagarra jarri, zapi batekin estali, eta gorputzeko zenbait txokotatik ateratako "hauts magikoekin" eta ikus-entzuleek bidalitakoekin desagerrarazi eta berriro agerrarazi du. Ikasi duela erakusteko, Rebe ere saiatu da, baita lortu ere! Magia nahikoa ez du izan, antza, Porrotxek, beste dantza baten ondoren, kutxa bat hartu, eta Pirritxen panpin bat agerrarazi-desagerrarazi ibili baita. 

Agurra kantarekin heldu dira aurkezpenaren amaierara. Talde argazkia egin eta familia bakoitzak opari bana jaso du joan aurretik.

Trukelandian parte hartzeko ezinbestekoa da Gurasolandian izena emanda egotea eta euskara ulertzea. Izena ematea hilaren 18a arte zabalik dago. 

 

 

Erlazionatuak

Trukelandia egitasmoaren aurkezpen ekitaldia

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 07 Gizartea