Hondakinei buruzko ordenantza idatzi aurretik, herritarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 16a

Gipuzkoa osoan, herri gutxitan biltzen dira Lasarte-Orian baino hondakin gutxiago gaika. 2020an, %46,5.

"Legezko premia" delako, Lasarte-Oriako Udalak etxeko eta merkataritzako hondakinak arautuko dituen ordenantza egin nahi du, baina horretan hasi aurretik, herritarren proposamenak bilduko ditu martxoaren 10era arte, ostegunarekin. Udalerriaren gaikako bilketa tasa igotzeko eta zaborraren kudeaketa hobetzeko urrats bat dela uste du.

"Hondakinen arloan udalerriak duen arazo nagusietako bat azken urteetako gaikako bilketa tasa txikia da", azpimarratu du udalak. San Marko mankomunitatearen datuen arabera, hondakinen erdia baino gutxiago, %46,5, bildu ziren gaika 2020an. Europan indarrean dagoen araudiak zehazten dituen portzentajeak baino apalagoak dira, beraz, Lasarte-Oriakoak. "Hori dela eta, etxeko eta komertzioetako hondakinak kudeatzeko udal ordenantza idaztea proposatu dugu, Europako prebentzio, murrizketa berrerabilpen eta birziklatze xedeak betetzeko". Araudian zehazten denez, 2025erako zaborraren %55 birziklatu behar da; 2030ean, %60; eta, 2035ean, %65.

"Legezko premia"

Udalak ezagutarazi duenez, gaiari buruzko ordenantza bat izatea "legezko premia" da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 legearen arabera. Norabide horretan, lasarteoriatarren ekarpenak jaso nahi ditu, eta martxoaren 10era arteko epea eman die proposamenak bidaltzeko. Idatziz egin nahi dutenek, udaletxeko erregistroan eskaera bat aurkeztu beharko dute, eta, telematikoki egin nahi dutenek, bi bide izango dituzte horretarako: mezu elektroniko bat bidaltzea partehartzea@lasarte-oria.eus helbide elektronikora, edo udalaren webgunearen bidez parte hartzea.

Udalaren aburuz, ordenantza egitearen helburua da "segurtasun juridikoa" ematea udalerriko etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa berriaren garapenari. Ikasturte hasieran aurkeztu zuen zaborra gestionatzeko eredua: lur azpiko edukiontziak kentzea, txartel bidez ireki behar diren zaborrontzi berriak jartzea, eta uharteak berrantolatzea, besteak beste.

Erlazionatuak