ESKUALDEA

Aurtengo plana eta helburuak aurkeztuko ditu Beterri Saretuz Ekimenak ostegun honetan, Usurbilen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 15a, 09:00

Eskualdeko enpresa, eragile eta erakunde ugari biltzen dituen Beterri Saretuz ekimenak 2022rako bide orria eta xedeak aurkeztuko ditu ostegun honetan, Usurbilgo udaletxeko areto nagusian, 09:30etik 12:00etara. "Urrats gehiago egingo ditugu parte hartzean oinarritutako enpresa ekosistema baterantz joateko". Ekitaldian parte hartzeko izena eman daitekeela gogorarazi dute antolatzaileek. 

Duela hiru urte hasi zen Beterri Saretuz eskualdeko enpresa eta eragileen arteko harremana sustatzen, "parte hartzean oinarritutako ekosistema aitzindari bat" sortzeko helburuz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein eskualdeko udalen laguntzarekin. Pixkanaka-pixkanaka, ikasturtez ikasturte, urratsak egiten ari dira bide horretan, eta iragarri dute 2022rako ekintza plana eta xedeak aste honetan aurkeztuko dituztela, Usurbilgo udaletxeko areto nagusian, 09:30etik 12:00etara. 

Egituratzetik, ekintzara

Hiru urte hauetan jardunaldi ugari egin ditu Beterri Saretuzek, eta enpresetan parte hartzea sustatzeko gida ere ondu du. Iaz, egituratze saioak eta enpresa nahiz eragileen beharrak asetzeko saioak egin zituztela gogorarazi dute: kooperaziorako formakuntza, parte hartze eta ahalduntze tresnak, esperientziak... 2021eko ekainaren 17an "etorkizuneko sarea josteko saio praktikoa" egin zuen Astigarragan, eta aurtengo erronkak finkatu zituen.

Zein da erronka horietako bat? "Sarea egituratu eta interkooperazio praktikak martxan jartzea, Beterri Saretuzeko kideek azpimarratu dutenez. Bide orria aurkezteaz gain, ostegun honetan azalduko dute asmoa dutela sareko kideen artean dekalogo bat egiteko. "Horrez gain, ekimenaren parte direnen artean esperientziak trukatzen jarraituko dugu".

Erlazionatuak