Beterri Saretuz programak bigarren ikasturtea hasiko du ostegunean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 7a, 10:00

Parte hartzean oinarritutako enpresen ekosistema bat sortzea xedea du Beterri Saretuz programak. 2019an abiarazi zuten eskualdeko hainbat enpresa eta eragilek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beterrei-Buruntza eskualdeko udalen laguntzarekin. Elkarlanean sakontzeko, bigarren ikasturteari ekingo diote ostegunean, bi erronka nagusirekin: enpresen beharrak asetzea eta sarea indartzen jarraitzea. 

Eskualdeko enpresa, proiektu, eragile nahiz tokiko erakundeak batzeko egitasmoa da Beterri Saretzen. Iaz hasitako bidetik, "sarea indartzen jarraitu" nahi dute, beti ere, ekonomia eraldatzailearen esparruko parte hartzeari buruzko begiradarekin, hau da, lurraldearekiko atxikimenduz. Eskualdean eragitea du helburu, horregatik, enplegu politiketan dabiltzan tokiko erakundeak eta gizarte zerbitzuak eskaintzen dituztenak gonbidatu dituzte parte hartzera, ekosistemari bultzada eman diezaioten.

2020ko jardunaldietan "esperientziak ezagutu, elkarren berri izan eta zehar lerro batzuk" finkatu zituzten, urrian aurkeztutako parte hartzea bultzatzeko gida edo gakoetan jasoak, eta, halaber, enpresen epe laburreko zein luzeko beharrak ere identifikatu zituzten. Azken horiei helduko diete aurtengoan, lehentasunezko beharrak asetzen saiatuko baitira. 

Horretarako, otsailetik ekainera arte luzatuko den egitarau zabala atondu dute, bi motatako saioekin: Batetik, beharrei lotutakoak; eta, bestetik,  saretzea sustatzekoak. Lehen multzokoetan, esperientzia eta metodologiak partekatuko dituzte, eskualdeko nahiz kanpoko zenbait proiektutako kideen eskutik, hala nola, Bidasoaldeko BDS Koop eraldaketa fabrika, Goierriko Biziola sarea eta Hernaniko Maitelan kooperatiba, besteren artean. Bigarren multzokoetan, aldiz, elkar ezagutzaren eta interkooperazioaren bidez sarea indartzen jarraituko dute. Lehen saioa ostegunean, hilak 11, egingo dute Usurbilen, "sareak formalizatu eta harremanak sakontzeko". 

EGITARAUA

  • Otsailak 11. Saretze saioa. Beterri Saretuzeko kideen arteko elkar ezagutza eta interkooperazioa artikulatzeko saioa.
  • Martxoak 11. Beharrak asetzeko saioa. Partaidetza, zaintza, generoa eta jatorri aniztasuna oinarrian duen eskualdeko Maitelan proiektuaren ezagutza saioa.
  • Apirilak 8. Saretze saioa. Ekonomia Sozial Eraldatzailea ardatz gisa duten beste eskualdeetako esperientziak ezagutzeko saioa. 
  • Apirilak 29. Beharrak asetzeko saioa. Erakunde mailako partaidetza maila neurtzeko bitartekoak eta tresnak.
  • Maiatzak 13. Saretze saioa. Beterri Saretuz III: etorkizuneko sarea josteko saio praktikoa
  • Ekainak 17. Beharrak asetzeko saioa. Ahalduntzea eta izaera kolektiboa lantzeko metodologia eta tresnak.  

Jardunaldi guztiak grabatu eta Youtubeko kanalean ikusgai jartzen dituzte. Laburpenak nahiz ekitaldi osoak kontsulta daitezke, baita hizlarien hitz hartzeak edo esperientzien kontakizunak ere.