COVID-19

Ostegunetik igandera 40 kutsatze detektatu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 14a, 13:23

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak otsailaren 10etik 13ra arteko datu epidemiologikoen berri eman dute. Tarte horretan 40 kutsatze atzeman dituzte Lasarte-Orian, eta azken hamalau egunetan, 262. Intzidentzia tasa metatuak jaisten jarraitzen du, eta 1.375,69koa da 100.000 biztanleko.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, gure herrian 5.638 kutsatze atzeman dituzte. Birusak infektatu dituen herritar ia guztiak sendatu badira edo bidean badaude ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Pandemia hasi zenetik, aurtengo urtarrilean atzeman dituzte kasu gehien: 2.120. 

Eskualdeko sei udalerrietan 197 kutsatze atzeman dituzte lau egun horietan: Hernanin, 67; Andoainen, 47; Lasarte-Orian, 40; Astigarragan, hogei; Usurbilen, hamazazpi; eta, Urnietan, sei.