GUTUNA

Zorionak Jabi!

Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordea 2022ko ots. 8a, 12:59

Otsailak 8 ditu gaur, eta Jabi Gallaga euskal preso lasarteoriatarraren urtebetetzea da. Horren harira, Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak gutuna bidali du TXINTXARRI-ren erredakziora. Honela dio:

Urteak espetxean desberdin pasatzen direla esaten dute. Beraz, barruan urteurrenak desberdin bizi direla pentsa dezakegu. Badago kartzelaratu zintuzten egunaren urteurrena, kondenatik urte bat gehiago bete duzula gogorarazten dizun eguna —alegia, kalera atertzeko, ustez, urte bat gutxiago geratzen zaizula ziurtatzen duena—, bisita berezi hori izan duzun egunaren oroitzapena... Baina, orohar, espetxean egunero da marmotaren eguna, Jabi Gallaga gure herriko preso eta adiskideak esaten duen bezala: "Hemen barruan oroitzapenak ahazten dituzu, egunero berdina baita".

Baina egun guztiak berdinak izanagatik, ez dira gauza bera. Asteartean Jabiren urtebetetzea da, eta Lasarte-Oriatik keinu egin nahi diogu. Indarrez eta maitasunez betetako zorion agurra hemendik Darocako kartzelara heldu dadin. Posible da asteartean, liburutegiko lanetan aritzea, edo tailerrari neurria hartu nahian. Akaso patioan kideek zorionduko dute, hala gustatzen bazaio behintzat.

Ziur dakiguna da, ordea, ezin izango duela gertukoenekin ospatu, ezingo duela Ilargira pote bat hartzera jaitsi edo 90 urtetik gorako ama bisitatu. Ezingo du bere familiarekin kandelarik piztu, ezta otordu oparorik egin ere. Ezingo diogu nahi genizkiokeen beste besarkada eta goraintzi eman. Egiari zor, espetxe barruan eduki ahal den hurbiltasun apurra ere ezingo diote eman asteartean bere gertukoek: bisitak asteburuetara mugatuak dira, eta joan den asteburuan edo datorrenean jasoko ditu zorion agurrak kristal atzean. Telefonoz ere ezingo ditu nahi beste lagun agurtu: deiak telefono zenbaki gutxitara eta astean aldi gutxitara mugatuta ditu. Eta noski, oso garestiak dira.

Hau da, espetxean urtemuga ospatzea, egunerokoan bizi duten askatasunaren urraketaren isla da. Eta eskubide urraketen isla ere bai. Urtebete da Jabi Kordobatik Darocara lekualdatu zutela. Aldaketa nabarmena izan da bisitarientzat: kilometroen erdia dago batetik bestera, eta 24 orduko bidaia amaiezinaren ordez, egun erdiko distantzia egin behar dute laguna/senidea bisitatzeko. Aldaketa barruan ere igarri da: Kordobako inkomunikaziotik atera dute, eta, orain, aukera du, besteak beste, kideekin egoteko eta lanean aritzeko. Baina, halere, 341 kilometro joan eta 341 kilometro itzuliko bidaia egin behar dute lagunek; hau da, guztira zazpi orduko bidaia presoa ordubetez ikusteko; eta oraindik ez dute Euskal Herriratu, nahiz eta jakin adineko ama duela eta Lasarten harreman estuak dituela. COVID garaiak ere ez du batere lagundu, eta bertan behera utzitako bisean bisekoak ezin izan dituzte errekuperatu. Urteak joan, urteak etorri, gainera, Espainiak segitzen du Jabik Frantzian betetako zazpi 
urteko kondena kontuan hartu gabe. Noiz arte?

Urte berriarekin haizatzen diren desio onak bezala, guk ere Jabiren urtebetetze honi eskatzen diogu azkena izan dadila. Azkena baldintza horietan ospatzeko eta azkena etxetik hain urrun egoteko. Gainontzeko euskal presoentzako ere gauza bera eskatzen dugu.
Besarkada eta muxu handi bat Jabi, Lasarteko zure lagunen bartez. Eutsi eta aurrera!

Eskutitza bidaltzeko: JABI GALLAGA RUIZ C. Penitenciario de Daroca . Ctra. Nombravilla, s/n 50360 Dacora, Zaragoza.