Santa Agedaren omenezko kantu eta kopla saioek girotuko dute herria gaur. Covid-19ak eragindako egoera medio, zenbait taldek aurtengo santa eskeak bertan behera uztea erabaki dute, baina izan dira usadioari eustea erabaki dutenak.
Sasoeta HHko ikasleak koplak kantatuko dituzte. 12:00etan egingo dute saioa, eta LH 6. mailako ikasleekin batera arituko direla iragarri du ikastetxeko zuzendariak. LHko ikasleak, aldiz, arratsaldean egingo dute oles. 15:15ean elkartuko dira ikastetxeko patioan.
Garaikoetxea-Landaberriko txikienek ere patioan astinduko dituzte makilak, arratsaldeko 16:00etan. Hori, noski, euririk egin ezean. Eguraldi txarra egingo balu, bi txandatan banatuko dira; 15:15ean lehena eta 16:00etan bigarrena. Landaberri LHko gazteek ere eskainiko dute emanaldia. Bi txandatan egingo dute horiek ere; 16:00etan eta 16:25ean.
Elkarte eta eragileak arratsaldean zehar ariko dira kantuan. Zabaleta Auzolan elkartea auzoan barrena ibiliko da oles egiten; 18:00etan hasiko dira, Antonio Blas plazan. Erketz EDT dantza taldeko kideak Oriamendi plazatik abiatuko dira ordu erdi geroago, 18:30ean. Herrian zehar ariko dira lehenengo eta Urnieta Bideko baserrietara joango dira gero.