SANTA AGEDA

Oles eginaz girotu dute Santa Ageda bezpera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 4a, 20:03

Herriko eragileak Santa Ageda bezpera ospatzera irten dira kalera. Herriko txoko ezberdinak girotu eta Santa eskean aritu dira arratsaldetik gau aldera arte

Zabaletako bizilagunak izan dira makila astintzera atera diren lehenak. 18:00etan zuten hitzordua jarrita auzoko plazan, eta bertan zenbait doinu ezagun abestuta, baserrietara abiatu dira. Makila eskuetan hartuta, gogoz ekin diote Santa Ageda bezperako errondari. 

Horien atzetik entzun ahal izan dira Xumelako eta Earra Bertso Eskolako lagunak kantari. Jalgi Kafe Antzokian abestu dituzte lehen doinuak, eta hortik abiatu dira kaskoan barrena, txistulariek lagunduta. Brigitarren komentuan egin dute bigarren geldialdia; giro alaian egin diete harrera bertako mojek. Kanabera makila handiak eskuetan hartuta agertu dira, koruko kideekin batera kantari aritzeko asmoz. Earra bertso eskolako kideak ere ausartu dira kopla bat edo beste kantatzera, eta guztiek elkarrekin saio ederra osatu dute. Komentua utzi aurretik, irrintziak egitera ere animatu dira mojak, Xumelako lagunek lagunduta. 

Erketz Dantza Taldeko lagunek ere ez dute hutsik egin urteroko hitzorduan. Herriko zenbait tabernatan makilaren laguntzaz abestu eta gero, Urnieta bidean barrena abiatu dira. Trikitiaren laguntzarekin abestu dituzte Santa Agedako doinu ezagunak, eta euskal dantza pieza bat edo beste ere dantzatu dute, dantza taldeko hainbat kidek. 

Eguraldia lagun eta baserritar jantzi dotoreak soinean, giro ezin hobean ibili dira Santa eskean denak.