Emakumeen Nazioarteko Eguna iragartzeko kartelak aurkez ditzakete herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 1a

Datorren urteko Martxoaren 8ko egitaraua iragartzeko afixa aukeratzeko asmoz, Lasarte-Oriako Udalak lanak aurkezteko epea ireki du: gaur hasi da, eta otsailaren 28an bukatuko, hilabeteko azken egunean. 12 eta 17 urte arteko herritarrek parte har dezakete, eta goiburu hau eraman beharko dute kartelek: Martxoak 8 de marzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres.

Partaide bakoitzak nahi adina lan egin ahalko ditu lehiaketarako, baldin eta eskakizun guztiak betetzen badituzte. Afixak lantzeko teknika "erabat librea" dela nabarmendu du udalak, eta formatu fisikoan zein digitalean aurkez daitezkeela. "Izenburu bat jarri beharko diote bakoitzari". 

Emakumeen Zentroan ikusgai

Gaurtik hasi eta otsailaren 28ra bitarte jasotako kartel guztiak Emakumeen Zentroan jarriko ditu ikusgai udalak, martxoaren 1etik 7ra. Lasarteoriatarrek hara joan beharko dute, eta bozka eman. "Herritarren iritziak kontuan izango ditugu bigarren eta hirugarren sariak erabakitzerakoan". Lehen saria nork irabaziko duen, berriz, epaimahai batek deliberatuko du: Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta gaian adituak diren teknikariek osatuko dute batzorde hori. Haien erabakia "apelaezina" izango dela zehaztu du udalak.

Irabazleak 120 euro poltsikoratu ditu, bigarren saridunak 90 eta hirugarrenak 60.