MARTXOAK 8

Eneritz Odriozola Lopezek irabazi du Martxoaren 8ko kartel-lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 11a, 10:30

Eneritz Odriozola Lopezek egindako kartela erabiliko du Lasarte-Oriako Udalak, datorren urteko Martxoaren 8aren harira egiten dituen ekintzen egitarauan. Herritar gazteak irabazi du lehen saria, 120 eurokoa. Bigarrena eta hirugarrena, 90 eta 60 eurokoak, berriz, Sandra eta Marta Rojo Azkune ahizpek. 

Aurreko edizioetan baino lasarteoriatar gehiago animatu dira Martxoaren 8ak esan nahi duena afixa batean jasotzera. Udalak zehaztu duenez, 11 lan aurkeztu dira lehiaketara. Hori izan da sariak banatzeko ekitaldia tokiz aldatzearen arrazoi nagusia: Antonio Mercero gunean elkartu dira parte-hartzaileak, guraso eta lagunak, eta udal-ordezkariak. Horrez gain, errazagoa da gune horretan segurtasun-neurriak eta distantzia soziala errespetatzea, Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan baino. 

Agustin Valdivia alkateak azpimarratu duenez, estetika bainoago, kartelek transmititu nahi izan duten mezuak baloratu ditu epaimahaiak. Parte-hartzaileek egindako lana goraipatu du.

Udalak Martxoaren 8aren barruan antolatu dituen ekitaldiak ez dira amaitu. Martxoaren 20an, larunbatarekin, Zinegoak jaialdiko film laburrak proiektatuko dituzte Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 19:00etatik aurrera.

Erlazionatuak

Zinegoak 2021

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 05 Gizartea