Solaskide programan igandera arte eman daiteke izena

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urtarrilaren 27a

Euskaraz hitz egiteko guneak eta aukerak ematen ditu Solaskide egitasmoak. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Muntteri-AEK zein Udal Euskaltegia eta Ttakun Kultur Elkartearen artean antolatu dute programa hori herrian, eta jakinarazi dute izena emateko epea irekita dagoela oraindik urtarrilaren 30era arte, igandez. 

Interesa duten herritarrak bi modutara apunta daitezke: 695 78 53 89 telefonora deituta edo kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzita. "Euskara erabili eta bizi nahi duzuenok zalantzarik ez izan, eta animatu egitasmoan parte hartzera!", adierazi dute antolatzaileek. 

'Bidelariak' eta 'Bidelagunak' 

Solaskide egitasmoko partaideek bi rol izan ditzakete: batetik, Bidelariak, euskara praktikatu nahi duten pertsonak; eta, bestetik, Bidelagunak, euskaraz aritzeko urratsak egiten ari direnei laguntzen dietenak. Taldetxotan biltzen dira eta, normalean, kafe baten bueltan, osteratxo bat emanez edo zaletasunak partekatzen aritzen dira euskaraz, giro ederrean.

Antolatzaileen arabera, Bidelagunen premia dute batez ere, alegia, Bidelariei euskaraz pausuak ematen lagunduko dieten pertsonenak. "Hasiberriak direnei bultzadatxo bat emango diezuenon bila ari gara".

Solaskide, Solaslagun, Berbalagun, Mintzalagun... Herrien eta euskalkien arabera hartzen du izena egitasmoak. Lehen taldeak 1993an sortu zituen Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak; ordutik, milaka euskaldunek hautatu dute euskaraz bizi eta aritzea, eta, gaur egun, 7.000 lagun inguruk parte hartzen dute Euskal Herri osora zabaldu den programa horretan.

Erlazionatuak