Solaskide, bizitzan euskararen ahozkotasunari leku gehiago egiteko aukera

Maddi Zaldua - IƱigo G. Sarobe 2020ko urt. 17a, 10:30
Montse Oterok eta Eva Yurramendik Mari Jose Eizmendi dute bidelagun.

Hainbat dira euskararen ahozkotasunean trebatzeko Solaskide programan parte hartzen duten herritarrak. Egitasmoa "oso lagungarria" zaie euskaltegian ikasitakoak praktikan jartzeko eta lotsa kentzeko; herritarrak ezagutzeko ere "aukera ona" da. Solaskidetik adiskide izatera pasa dira asko

Eguraldi txarra egiten ez badu, ostiralero, euskarari hauspo emanaz Zubietako buelta ematera joaten dira Mari Jose Eizmendi (euskaldun zaharra), Montse Otero eta Nati Gallo –azken honek ezin izan du TXINTXARRI-ren hitzordura etorri–. Hiru izan dira solaskide taldean orain arte, baina laugarren kide bat gehitu zaie duela ez asko: Eva Yurramendi.  

Euskaltegiko ikasleak dira Otero eta Yurramendi. Baina euskararen ahozkotasunari leku gehiago egin nahi zioten euren  ikasketa prozesuan, eta horregatik ari dira Solaskiden. Paseotxo bat emanaz, egunerokotasuneko gaien inguruan hitz eginaz lantzen dute ahozkotasuna.

Montsek bederatzi urte daramatza Mari Joserekin euskara praktikatzen, eta urte luze horietan egindako aurrerapausoez jabetu dira biak.  Finkatutako helburuak bete ditu Oterok: "Bi helburu lortzeko eman nuen izena; batetik, euskaraz hitz egitea, eta bestetik hizkuntza-eskakizuna lortzea, eta biak lortu ditut". 

Eizmendik, ordea, hamabost urte baino gehiago daramatza programan bidelagun gisa, "martxan jarri zenetik", eta aurrerapausoak ikusten dituela ziurtatu du. "Euskarari zerbait zor diot, eta ekarpen hori egiten ari naiz".

Yurramendi ere "oso gustura" ari da. Euskara praktikatzeko aukera "ezin hobea" da berarentzat: "Euskaldun zaharrekin euskaraz hitz egiteko aukera izatea oso lagungarria da". Bi solaskideek azpimarratu dute lotsak eta beldurrak ez dutela lekurik taldean: "Inork ez gaitu epaitzen, euskaraz lasai aritzen gara, eginaz ikasten". Euskara praktikatzeko taldea ez ezik, lagun taldea bihurtu da dagoeneko: "hainbeste urte eta gero, gure egunerokoa elkarbanatzen dut Mari Joserekin, adiskideak gara", azaldu du Montse Oterok. 

Egitasmoan parte hartu edo ez zalantzan dauden herritarrei animatzeko deia luzatu diete Oterok, Yurramendik eta Eizmendik. "Utzi ditzatela beldur eta lotsak alde batera, eta etor daitezela euskara praktikatzera, ez dira damutuko".

Solaskide eta adiskide 

Astegunetan elkartzen dira Mikel Izquierdo, Juan Segurola, Aurelio Garcia, Iñaki Arribas eta Juan Bereziartua. Astelehen arratsaldetan elkartu dira orain arte, 18:15ean; datorren astetik aurrera hitzordua aldatzea erabaki dute, astearteetara. "Egunerokotasunari buruz hitz egiten dugu, herrian gertatzen diren gauzez, gure lanez, planez, oporrez... Ordu eta erdiz aritzen gara solasean, gustura", nabarmendu du laukoteak –TXINTXARRI haiekin elkartu denean Juan Bereziartua joana zen–. Argia aldizkariaren ale bana ere eramaten du astero Juan Segurolak. Bertan jorratzen dituzten gaiak lantzen dituzte, eta denborapasak ere bai, egiteko "errazenak" direnak. 

Astero elkartzen diren bost pertsona horiek lauzpabost urte daramatzate elkarrekin. "Gu bostok lehenagotik hasi ginen elkartzen, baina jende gehiago ere etortzen zen", adierazi dute. "Polimaitasun iraunkorra" da euren arteko harremana, bota du Izquierdok, barre artean.  Segurolak hamazazpi urte daramatza egitasmoan parte hartzen. "Solaskide sortu zenean hasi nintzen". Euskaldun zaharra da, Bereziartua bezala. Beste hiru kideak, Garcia, Arribas eta Izquierdo, euskaldun berriak. Eurek ere urte ugari daramatzate egitasmoan parte hartzen: hamahiru, hamalau eta hamabi, hurrenez hurren. "Euskaraz hitz egiteko aukera paregabea da, beldurrak eta lotsak alde batera uzteko; eta herriko jendea ezagutzeko ere bai". Talde desberdinetako kideek badute harremanik euren artean: afariak egiten dituzte urtean zehar.