Ezer ez kuriositaterik gabe

Julen Basterra 2022ko urt. 21a, 07:30

Lagun batek esan zidan behin kuriositaterik ez izatea hilik egotea bezalakoa zela. Halaxe da, eta une hartan arrazoi osoa eman nion bezala, baieztapenari indar bera aitortzen diot gaur: ez dakigunean zer jakin, zeri ekin edo non begiratu existentziak indarra galtzen du, kolorea. Beste modu batera esanda, bizitzaren enkantua kuriosoa izatean datza. Izan ere, jakin-min hau pultsio bital bat bezalakoxea da, bizitza zabaltzen duen elixir bat; aldiz, kuriositatearen gabezia heriotzaren pultsio bat bihurtzen da, amaierara gerturatuz pozoia bezala txikitzen gaituena. Argi dago, ezagutu nahiak elikatzen duela gizakia, baina, jendea ez da ohartzen zerk duen pixkanaka hiltzen, eta ez, ez nator azken bi urteotako gaiaz hitz egitera. Aurrekoan Lao Zi aipatu nizuela ahaztu gabe, Su ta Gar taldearen azken diskoko (2016 urtea? Ene!) kantu baten hitzak apur bat moldatuz lema hau azpimarratu nahiko nizueke gaurkoan: Kuriositaterik gabe ezer, kuriositaterik ezean zuzen heriotzera!.

Ezagutu edo ez ezagutu. Horra hor auzia. Gauza arraroa dirudi, baina, inozentzia elementu garrantzitsua bihurtzen da auzi honetan. Zer dela eta?  Bada, inozentziak galdetu egiten duelako, naturala den moduan, ez baitaki. Elementu honi esker, ezagutzaren prozesua hasi egiten da. Ezagutu nahi dugu eta, inozentzia lagun, galderak munduratzen ditugu, ados. Hori bai, abiapuntua besterik ez dugu aipatzen honela. Ezjakinaren kuriositatetik inozentziak eragindako galderara heldu gara soilik. Gauzak honela, garrantzitsuena falta zaigu orain: galdera(k) erantzutea. Zer esanik ez, horrek ibilbide luzea dakarrela berarekin. Edozein modutan ere, epe luzerako zerbait izate horrek ematen dio geure bizitzari ere luzapena. Eta ez larritu, lasai hartu, izan ere, galdera(k) erantzuteko lana hartzeak berak bizitzeko ilusioa pizten baitigu, jaikitzeko arrazoi bat emanez. Galdera erronka eta pizgarri moduan ulertu beharra dago.

Zer barazki dira urte sasoikoak? Nola egiten da arrain zopa bat? Zer nolako bizimodua daramate Mongoliako estepako nomadek? Zergatik ari da klima aldatzen? Nola sendatzen da minbizia? Noiz hasten dira sagarrondoak sagarrak ematen? Non dago Uzbekistan? Zenbat lapur eta parasito bizi dira besteen kontura? Zer nolako patroi erritmikoak darabiltza saltsa estiloko musikak? Nor izan zen Isadora Duncan? Zer da gizakia? Non gaude gu unibertsoan?

Galderak galdera, eta honaino heldu garela ikusita, gutariko bakoitzak bere buruari egin diezaiokeen galdera bat luzatu nahiko nuke: zer jakin nahi dut nik? Galdera kuriosoa da eta ez dakit benetan galdetzen diogun geure buruari zer den egiazki jakin nahi dugun hori. Ez gara besteen galderak erantzuteko jaio. Eta ez gara besteen erantzunak zalantzarik egin gabe onartzeko etorri ere, noski. Kuriosoak izateko eta galdetzeko etorri gara, eta hau denoi dagokigun afera bat da. Gogoeta amaitzeko, hona ezjakin honen gomendioa: ondo pentsatu dezagula zer nahi dugun benetan jakin eta hari ekin diezaiogula. Kuriositatea bidelagun, bizi gaitezen betiko.