Inauterietan jarduerak aurrera eramateagatik dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 19a, 14:55

Lasarte-Oriako Udalak aditzera eman duenez, aurtengo inauterietan jarduerak egin nahi dituzten norbanakoek zein eragileek laguntza ekonomikoak eska ditzakete otsailaren 14ra arte, astelehenarekin. Edonola ere, oraindik zehazteke dago ea ospakizun hori egingo duten, eta nola. Bilera urtarrilaren 27an egingo dute, kultur etxean, 19:00etan.

Udalak 12.598 euro bideratuko ditu programa horretara. Eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte: dirulaguntzak galdegiten dituztenen erregistro orokorrean alta emanda egotea eta "behar bezala" betetzea eskaera orria. "Zehatz-mehatz azaldu behar dute jarduera nolakoa den, eta zenbateko aurrekontua izango duen". 

Balorazio irizpideak hauek dira:

  • Programaren aurrekontua, 40 puntu.
  • Parte hartzaileen kopuruaren arabera, gehienez hogei puntu.
  • Programaren edo jardueraren finantzazio tasa, hamabost puntu.
  • Programa edo jardueraren ibilbidea eta errotze maila, hamar puntu.
  • Antzeko proposamenekiko koordinazioa, hamar puntu.
  • Eragilearen edo konpartsaren fidagarritasuna, bost puntu.