Arantxa Etxeberria: "Gertu geratu naiz zenbait urtetan; poz galanta hartu dut"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 19a, 11:44

Ogi Berri okindegiak Eguberrietako zozketaren saria banatu du, urtero legez. Arantxa Etxeberria herritarrak irabazi ditu 1.500 euroak aurten. Urteak daramatza bezero izaten, eta bertan erosten du ogia, egunero. Zenbait urtetan "oso gertu" geratu da saria irabaztetik, zenbaki gutxitara, eta zortea alde izan du oraingo honetan. Diruaren zati batekin bidaia bat egingo duela kontatu dio TXINTXARRI-ri.

Argazkiak helbide elektronikoz eta WhatsApp aplikazioaren bidez bidali eta jasotzera ohituta gauden honetan, poza ematen dute Etxeberriarenak bezalako eskaerek: kazetariari galdetu dio ea posible den irudia inprimatu eta eskura ematea, gero etxean gorde ahal izateko, album edo koadroren batean, akaso. Ez da gutxiagorako, izan ere, 1.500 euroko sariak ez dira egunero irabazten. "Aspalditik naiz Ogi Berriko bezero, eta urtero parte hartzen dut Eguberrietako sarian", zehaztu du. "Zenbaitetan oso-oso gertu geratu naiz saria irabaztetik, zenbaki gutxitara, eta aurten irabazi egin dut. Bazen garaia!". 

Egun batzuk pasa dira sorpresa atsegin hori hartu zuela: "Etxean nengoen, eta senarrari galdetu nion ea zein izan zen aurtengo zozketaren zenbakia. Egiaztatu zuenean, hori bai hori ezustekoa! Poz galanta hartu genuen biok", gogoratu du. Ez da denbora asko pasa, baina Etxeberriak badaki diruaren zati bat behintzat zertan gastatuko duen: bidaia bat egingo du senarrarekin, biak erretiratuta daudela aprobetxatuta, Aste Santua baino zertxobait lehenago, "jende asko" pilatzen baita orduan toki guztietan. "Garai zailak bizi ditugu etxean pandemiarengatik, eta disfrutatzea merezi dugula uste dut".

Erlazionatuak

Ez dago bi hiru gabe

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 16 Gizartea