Ez dago bi hiru gabe

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 16a, 10:55

Ogi Berrik urteroko Eguberritako zozketaren saria banatu du goizean. José Ángel Busto Iglesias lasarteoriatarra izan da 1.500 euroen irabazlea. Badaki zer den hori, aurretik ere zoria alde izan eta jaso baitzuen saria. Txantxetan bada ere, hirugarrenaren bila joango dela ohartarazi du. 

Hamarkada igaro da lehenengoz 1.500 euroko saria eskuratu zuenetik, eta behin ere jaso ez duten asko izango badira ere, berak bigarrenez eskuratu du. Lasarteoriatarrak ireki zutenetik egunero erosten du ogia Pablo Mutiozabal kaleko okindegian, salbuespenak salbuespen. Gaur, ordea, zerbait bereziagoa egitera hurbildu da saltokira. Egokitu zaion saria jasotzera, hain zuzen ere. Bertako langile baten eskutik jaso du txekea, eta argazkiaren ondoren, "hirugarrenaren bila etorriko naiz" esanez agurtu ditu langileak. 

Musuko atzean Bustoren irribarrea asmatzea ez da zaila. "Zerutik erori" zaio oparia, "aparteko ezer egin gabe".  aldapa gora lautzeko sari ona bada ere, are gehiago bizi dugun egoera arraro honetan, Bustok ez du oraindik erabaki zer egingo duen kopuruarekin. "Gastatzea erraza da. Edozertan. Akaso, opor batzuk". 

Ezustekoa izan dela aitortu du. Zozketaren biharamunean zenbakia ikusi,  gogoan hartu, eta etxera bueltan begiratu ez begiratu ibili zen. "Halako pilatik -bi hatzekin bost bat zentimetroko tartea erakusten du- begiratzen hasi eta  hirugarren edo laugarrena zen. 'Ezin da izan, bigarrenez!'". Eta bi hiru gabe ez omen bada ere,  ez du berriro garaile izaterik espero. "Toka dakiola besteren bati, bana dadila. Denoi ondo datorkigu-eta dirua".