ESKUALDEA

Beterri-Buruntza mankomunitatea eratu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 18a, 11:00
Hernanin eratu dute Beterri-Buruntza Mankomunitatea. Eskualdeko zenbait ordezkari politiko bertaratu dira, horien artean, Lasarte-Oriako korporazioko kide Nuria Fernandez eta Jon Antxordoki. Argazkia: Aiurri aldizkaria.

Eskualdeko garapen sozial eta ekonomikoa sustatzeko asmoz, Beterri-Buruntza mankomunitatea eratu dute sei udalek: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil. Astelehenean sortu dute erakundea, Beterri-Buruntza Mankomunitatea izenarekin, Hernanin. Andoaingo Udaleko alkateorde Marijose Izagirre izendatu dute lehendakari, eta Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandez, lehendakariorde. Eskualdeko EH Bilduk zuzendaritzako karguak banatzeko modua salatu du.

Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehen gobernu batzordea

  • Lehendakaria: Marijose Izagirre, Andoaingo alkateordea (EAJ-PNV).
  • Lehendakariordea: Nuria Fernandez, Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia batzordeburua (PSE-EE).
  • Batzordekideak: Hernaniko alkate Xabier Lertxundi (EH Bildu), Astigarragako alkate Xabier Urdangarin (EH Bildu), Urnietako alkate Javier Segurado (EAJ-PNV) eta Usurbilgo Udaleko zinegotzi Beñat Larrañaga (EH Bildu).

Adierazpenetan, mankomunitatea sortzearekin ados eta pozik agertu dira guztiak. Ñabardurak egin dituzte, ordea, argudioak ematen hasi direnean. Hernaniko alkate Xabier Lertxundik EH Bildu aginte postuetatik kanpo uzteko jokabidea aurpegiratu die beste bi alderdiei. Eskualdean EH Bilduk duen gehiengoa eta orain arteko prozesuan alderdi horrek izan duen "jarrera eraikitzailea" aipatu ditu. Marijose Izagirre jeltzaleak ez du bat egin hausnarketa horrekin, eta “polemikak alde batera utzita, guztion erronka" gauzatu delako pozik agertu da. Aurrera begira, akordioak lortzeko garaia "orain" hasiko dela adierazi du.

"Interes alderdikoiak lehenetsi dituzte"

Mankomunitatea sortzeko egindako agerraldia eta gero, eskualdeko EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute prentsaren aurrean, EAJ-PNVren eta PSE-EEren jokabidea salatzeko. Hernaniko alkate Xabier Lertxundik hartu du hitza: "Akordioa egin, eta eskualdeko indar bozkatuena zuzendaritzatik kanpo uztea adostu dute: sei herrietan 41 zinegotzi ditugu, ordezkari guztien %43". Koalizio subiranistaren iritziz, horrek erakusten du jeltzaleek eta sozialistek "interes alderdikoiak" lehenetsi dituztela, eta "eskualdeko herritar gehienek" aukeratutako indar politikoari bizkarra eman diotela. 

Atzoko batzarraren aurretik, EH Bilduk zuzendaritza postuei buruz negoziatzea proposatu zien EAJ-PNV eta PSE-EEri. "Prest geunden lehendakariordetza hartzeko haiek lehendakaritza nahi bazuten, baina ez ziguten erantzun ere egin; bilkuran entzun behar izan dugu telefono bat falta zitzaiela horretarako". Desadostasunak desadostasun, alderdi horretako eskualdeko ordezkariek berretsi dute "erabateko konpromisoz" jarraituko dutela "eskualdearen eta mankomunitatearen alde" lanean.