Behin-behinean onartu dituzte Beterri-Buruntza mankomunitatea osatzeko estatutuak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 10:43

Lasarte-Oria, Andoain, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo udal-korporazioetako ordezkariak Hernanin batzartu dira astelehenean, eskualde mailako Batzar Nagusian mankomunitateko estatutuen lehenbiziko onarpenari bide emateko. 

Ekitaldiari hasiera emateko, Eskualdeko Batzorde Sustatzaileak gidatutako batzarrean, Mari Jose Izagirre lehendakariak, estatutu hauen onarpenerako helburuak eta prozeduraren bilakaeraren  berri eman die Biteri kultur etxeko areto nagusian bildutako ordezkari politiko guztiei. Horrela , aurreko legealdian sei herritako Udalbatzak hartutako konpromisoa berresteaz gain, Beterri-Buruntzako tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako mankomunitatearen eraketan parte hartzeko prozesuan beste urrats bat eman dute. 2017. urtetik udalen arteko lankidetza-hitzarmen bidez funtzionatzen duen egiturari "sendotasun juridiko eta administratiboa" eskainiko zaiola azaldu dute, tokiko garapenaren eta sustapen ekonomiko eta enpleguaren eremuan lanean jarraitzeko.

Estatutuetan jasota gelditzen da eskualde mailako  toki-erakundeak Beterri-Buruntza mankomunitatea  izena izango duela eta legezko helbidea Hernanin izango duela. Halere, mankomunitateak funtzionamendu deszentralizatua izango du; administrazio-leihatila bana ordezkatua izango du udalerri bakoitzean.

Horrekin batera, estatutu berriek mankomunitatearen jarduerak ere biltzen ditu, betiere, udalen eskumenetatik eratorritakoak eta baliabideak elkarrekin kudeatuz, mankomunitatea osatzen duten udalerrien sustapen eta garapen sozioekonomikorako eta herritarren  ongizatea hobetzeko helburuak lehenesten dira. Ekitaldian azaldu dutenez, giza garapen jasangarria erraztuko duten jarduerak proposatzea eta sustatzea, eta horien bidez, ingurumena errespetatu, sozialki arduratsua den jarduera ekonomikoa sustatu eta  herritarrak partaide sentituko diren prozesuak eskaintzea da helburua. Orain arteko enplegu sustapena, ekintzailetza eta enpresa zerbitzuak ere jasota gelditzen dira.

Jarduera hauen guztien bizkardura eta bisioa eskualdeko Garapen Sozioekonomikorako Planean jasota egoteko aukera ere ahalbidetzen du estatutu hauen onarpenak, eta aipamen berezia egiten zaio une honetan COVID-19aren ondorioei aurre egiteko eskualdeko ehun soziekonomikoa berrindartu eta etorkizuneko erronkak elkarrekin lantzeko une estrategikoari.

Estatutuen onarpena, behin-behinekoa da oraindik

Aho batez egin dute lehen onarpena, baina, orain, Gipuzkokao Aldizkari ofizialean argitaratuko da eta alegazioak aurkeztu ezkero, horiek ebatziko dira lehenik. Behin pausu hori gaindituta eta Foru Aldundiaren oniritziarekin, udal bakoitzak bere udal osoko bilkuretara eramango du gaia, behin betiko onarpena emateko.

Mankomunitatearen sorreran mugarri izango den onarpen honekin, eskualdea osatzen duten ehundura produktibo, sozial eta kolektiboekin batera, sektore guztiekin eta publikotasunaren arduraz, Beterri-Buruntza eskualde kohesionatuagoa lortzeko egitura ezezik, helburu konpartituak lortzeko baliabide egokiak izatea ere aintzakotzat hartzen direla azpimarratu dute: "Etorkizunera begira eskualdeko eragile eta herritarren ongizaterako , orain arteko adostasuna eta elkarlanaren balioak indartzeko konpromisoa hartu da estrategia berriak landu eta erabakiak hartzeko gobernantza eredu kolaboratiboan pausu sendoak emanez".