Osakidetzako lehen mailako arretaren desegitearen aurka protestatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 22a, 16:55
13:00ean elkartu dira osasun langileak eta sindikatuetako zein Lasarte-Oriako EH Bilduko ordezkariak. Argazkia: EH Bildu Lasarte-Oria.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta Satse sindikatuek deituta, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zentro askotan elkarretaratzeak egin dituzte gaur, baita Lasarte-Oriakoan ere. Osakidetzako lehen mailako arreta zerbitzuaren egoera salatu dute, eta osasun publikoa indartzera bideratutako politika publikoak eskatu. Protesta ekintza horiekin bat egin du EH Bildu alderdi politikoak.

13:00ak puntu-puntuan. Herriko osasun zentroaren atarian, langile batzuk eta sindikatuetako zein Lasarte-Oriako EH Bilduko ordezkariak eta zenbait herritar, gaurko deitutako elkarretaratzean parte hartzen. Ondoan, kiroldegiraino iristen zen ilara: dozenaka herritar, PCR proba noiz egiteko zain. Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zentro askotan manifestatu dira, eta deiekin bat egin du EH Bildu alderdiak. Haren aburuz, "kolapso egoeran" dago Osakidetzako lehen arretaren zerbitzua. "Ez da kasualitatea: pandemiaren kudeaketa okerraren ondorioa da, eta osasun publikoa indartzera bideratuta ez dauden politika publikoen emaitza". 

Koalizio subiranistaren irudiko, erkidegoko anbulategiak eta bertako langileak "erabat gainezka" daude, eta ez dira pazienteak "behar bezala artatzeko gai". "Alor horretako profesionalek urteak daramatzate egoera salatzen, eta herritarrek hori pairatzen, baina muga guztiak gainditu dira pandemiarekin: gaur-gaurkoz osasun zentroetan ikusten diren egoerak imajinaezinak ziren duela urte batzuk". 

Lasarte-Oriako elkarretaratzean parte hartu dutenek kalitatezko osasun publikoaren aldeko deia egin dute, eta agintariei eskatu diete Osakidetzako lehen arretaren zerbitzua indartzeko.

Erlazionatuak