COVID-19

Lasarte-Orian 54 kutsatze atzeman dituzte asteazkenetik igandera

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 20a

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hilaren 16tik 19ra arteko datu epidemiologikoak argitaratu dituzte. Tarte horretan 54 kutsatze erregistratu dituzte Lasarte-Orian, eta azken hamalau egunetan, 237. Intzidentzia tasa metatua jaisten hasi da apurka-apurka: 1242,42 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.645 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia hamalau. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza mankomunitateko kide diren udalerrietan 281 positibo erregistratu dituzte asteazkenetik igandera: 102 Hernanin, 54 Lasarte-Orian, 50 Andoainen, 33 Usurbilen, 24 Astigarragan eta hemezortzi Urnietan.