Biyak Bat egoitzako zuzendaritzako kideek Felixi Tapia herritarra zoriondu dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 15a, 16:10
Felixi Tapiak (erdian) 100 urte bete ditu aurten. Argazkia: Biyak Bat.

Biyak Bat egoitzako zuzendaritzako kideek Felixi Tapia bisitatu dute berriki. Herritarrak 100 urte bete ditu aurten, eta zoriontzera bertaratu dira. "Batzordeko kideak oso pozik gaude Felixi osasuntsu dagoelako; urte askoz gehiago egin ditzala opa diogu". Aurtengo ekainean beste aitortza bat jaso zuen lasarteoriatarrak, Ttakun Kultur Elkarteak udalarekin elkarlanean banatzen dituen Patxintxi sarietako bat irabazi baitzuen.

Bestalde, egoitzako kideek jakinarazi dute lokalean jarri duten jaiotza bedeinkatuko duela Felix Garitano kapilauak hilaren 21ean, eta jarraian, Biyak Bat koruko kideek emanaldia egingo dutela, 18:00etan hasita. Horrez gain, San Tomas eguna denez, aurrez txartelak erosi dituzten bazkideei txistorra pintxo eta freskagarri bana emango diete. Tabernara joan beharko dute, 10:00etatik 20:00etara, mokadutxoa eta edaria eskuratzeko.

Erlazionatuak