Felixi Tapia eta Patxi Manchado, 2021. urteko 'Gure Patxintxiak'

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 25a, 13:00

Nahiz eta San Pedro Jairik ez egon, egun berezi hauetan eta hurrengo asteetan Ttakun Kultur Elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu Lasarte-Oriako herritarrei zuzenduta. Patxintxi sariak, gazteentzat tailerrak eta tupper jana... adin guztiei zuzendutako ekintzak izango dira

Horietako bat Gure Patxintxi sariak izango dira. Urtebeteko etenaren ostean, 65 urte baino gehiago dituzten bi herritar maitagarri omenduko dituzte Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak.

Zortzi proposamen jaso zituen kultur elkarteak eta horien artean, ekainaren 18tik 23ra bozka epea ireki zen gure webgunean.

Lehia handia izan da eta egun horietan guztietan jasotako bozkei esker, 2021. urteko irabazleak Patxi Manchado eta Felixi Tapia izan dira.

San Pedro egunean, ekainaren 29an, 12:30ean, jasoko dute saria, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo den ekitaldi xumean.

Hitzaldi aretoko edukiera mugatua izaki, ekimena ikusteko Ttakunen sare sozialetan argitaratu den formularioan izena eman behar da.

Ekainaren 30ean, 11 eta 14 urte arteko kuadrillei zuzendutako tupper jana ere izango da.

Bi kokalekutan banatuko da ekimena: LH5-6 mailakoak, Landaberri-Garaikoetxea ikastolan eta DBH1-2 mailakoak, berriz, Oriarte BHI Landaberri eraikineko patioan.

14:00ak aldera hasiko da bazkaria eta antolatzaileek zehaztu dutenez, parte-hartzaile bakoitzak bere janaria eraman beharko du etxetik. Gainera, seiko taldeetan banatuko dira gazteak.

Bazkariaren ostean, bingo musikatuan oparitxoak irabazteko aukera ere izango dute.

Tupper festan parte hartu nahi duten gazteek adi egon beharko dute Ttakuneko sare sozialetara, bertan argitaratuko baita izena emateko esteka. 

Egoerara moldatuta

Euskal kultura sustatzeko hainbat ekintza antolatu ohi ditu Ttakun Kultur Elkarteak San Pedro Jaietan, hala nola, sagardo dastatzea edo kantu-dantza jira.

Indarrean dauden neurriak medio, ekimen hauek San Pedro Jaietako ohiko datetatik kanpo egingo dira. Zehazki, uztailaren 10ean, larunbatarekin.

Goizean, Xumela koruko eta Plaza dantza ekimeneko kideek egoerara moldatutako kantu-jira egingo dute.

Herriko bost gunetan egingo du geldialdia ekimenak eta 10 minutuz jaietako eta udako giroaz alaituko dituzte bertako herritarrak. 

San Pedro egunean ohikoa den sagardo dastaketa uztailaren 10ean egingo da.

Eguerdi aldera, sagardo dastaketari hasiera emango dion emanalditxoarekin amaituko da ekimena.

Lasarte-Oriako baserrietan ekoiztutako sagardoa dastatzeko hitzorduak ere aldaketa batzuk izango ditu. Dastaketa eremua hesituta egongo da eta edukiera mugatua izango du. Horrez gain, dastaketa mahaietan egingo da eta mahai bakoitzaren inguruan ezingo dira sei pertsona baino gehiago bildu.

Bi ekintza hauei buruzko xehetasun gehiago hurrengo asteko zenbakian eskainiko ditugu, hala nola, dastaketan parte-hartzeko izen ematea nola egingo den.

Sorgin Dantzarik ez

Bestalde, herritarren pilaketak saiheste aldera, San Pedro Jaietan errotua dagoen Sorgin Dantzarik ez da antolatuko.

Ttakun Kultur Elkarteak, ordea, ez du baztertzen beste dataren batean eta garain garaiko neurriak jarraituz antolatu ahal izatea.