COVID-19

Lasarte-Orian 28 kutsatze atzeman dituzte astelehenetik asteazkenera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 9a, 12:52

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hilaren 6tik 8ra arteko datu epidemiologikoen berri eman dute. Lasarte-Orian 28 kasu baieztatu dituzte epe horretan, eta azken hamalau egunetan, 159. Intzidentzia tasa metatua 834,86 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.436 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia hamahiru (%12,8). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan 170 kutsatze diagnostikatu dituzte astelehenetik asteazkenera: 61 Hernanin, 39 Andoainen, 28 Lasarte-Orian, hogei Usurbilen eta 11na Astigarragan zein Urnietan.