COVID 19

Ostiraletik astelehenera 61 kutsatze baieztatu dituzte Lasarte-Orian

d 2021ko abe. 6a, 13:11

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abenduaren 2tik 5era arteko datu epidemiologikoak ezagutarazi dituzte. Lasarte-Orian 61 kutsatze atzeman dituzte lau egun horietan. Urteko azken hilabetearen lehen bost egunetan 75 kasu zenbatu dituzte, azaro osoan bildutako 159en ia erdia. Intzidentzia tasa metatua gora doa: 803,26 da. Nabarmen hazi bada ere, eskualdeko apalena izaten jarraitzen du.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.408 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik hamabi. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Eskualdeko sei udalerrietan 282 kutsatze diagnostikatu dituzte ostiraletik astelehenera: 105, Hernanin; 61, Lasarte-orian, 49, Andoainen; 24, Astigarragan nahiz Usurbilen; eta 19, Urnietan.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako batez besteko intzidentzia tasa 724,78 da: foku nagusia Gipuzkoan dago, adierazle hori 1177,17 baita. Osakidetzako ospitaleetan 266 pertsona daude oheratuta, eta horietatik 70ek sintoma larriak dituztenez, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daude.