Edozeren eguna jasotzen du urteko egutegi zabalak edo zabal zirudienak, nazioarteko horrenbeste “ospakizunekin” lepo bete baitute. Badira xelebre iruditzen zaizkigun egunak: komunarena esate baterako. Eta horrekin eta beste askorekin lehian-edo, euskararen eguna. Pentsa liteke zerrenda horretan egotea aldeko dela baina sakonean begiratuz gero begi bistakoa da laguntza, bultzada edo arreta beharrean dauden eremu, gaixo, pertsona, giza talde, erakunde edo iharduerak direla hor daudenak. Seinale txarra, alegia. 

Euskararen presentzia beraz, kezkarako bide dugu. Errezeloa daukat dena kontra zuenean, erabiltzeko debekua zegoenean alegia, nolabaiteko erresistentzia natural bat egon izan zela sakonean, oso gurea zen eta den lanabes eta harribitxia hiltzen ez uztearena. Joan dira harrez geroko urteak eta euskararen “defentsa” ofizialdu egin da, erakundeek hartu dute ardura hori, dela gobernuek edo eta hezkuntza bezalako eremuek. Eta oso ona izan da hori, noski, baina irudipena dut erakundeen esku egotearekin batera gure buruetan halako urruntze bat egon dela, guri ez dagokigun egitekoa bailitz. Horrek hala dirauen bitartean jai dugu. Militantziaren garaiak joanak diren honetan, arlo batzuetan hobe genuke jarrera hori berreskuratu, egunerokoan, ohiko jardueratan, hizkuntza, komunikaziorik arruntenerako giltzarria denean, euskararen aldeko apustua egitea. Hori gabe, alferrikakoak izango dira inbertsio, azpiegitura, kanpaina eta bestelakoak. Hori guztiaren habitat naturala hiztunok gara eta ardura dugu, handia gainera. 

Gainerakoan badakigu zein izango den euskararen etorkizuna: latinaren pare, hizkuntza zoragarri bezain baztertu bihurtzea. Erabakitzearen eremuan ondo esaten den bezala, GURE ESKU DAGO, eta hemen ere erabaki kontua da, bestearen aldean guk geuk hartu dezakeguna eta inolako araurik urratu gabe gainera.