Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.347 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik hamabi. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Eskualdeko sei udalerrietan 195 kutsatze diagnostikatu dituzte astelehenetik asteazkenera: 67 Hernanin, 47 Andoainen, 33 Lasarte-Orian, 25 Usurbilen, hamazazpi Astigarragan eta sei Urnietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako batez besteko intzidentzia tasa 577,17 da: foku nagusia Gipuzkoan dago, adierazle hori 966,33 baita. Osakidetzako ospitaleetan 207 pertsona daude oheratuta, eta horietatik 55ek sintoma larriak dituztenez, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daude.