Euskal Herrian eta, batez ere, Lasarte-Orian gertatutako indarkeria kasuak ezagutzeko, horiei buruz hausnartzeko eta elkarbizitzaren bidean jarduteko asmoz, sekulako lana egin du bizikidetza foroak. Antonio Mercero aretoan erakusketa bat ireki, eta azaro osoan zehar joan ahal izan dute herritarrek ikustera. Azkenekoz, atzo arratsaldean, 17:30etik 20:00etara. Itxiera ekitaldia tarte horretan egin zuten taldeko kideek. Xumea, baina hunkigarria. Herriko pentsamolde eta sentimendu aniztasuna irudikatzeaz gain, lasarteoriatarrei eskerrak eman zizkieten.
"Oso pozik" daudela azpimarratu zuten taldeko kideek, eta espero baino ikusle gehiago bertaratu direla erakusketara, 500dik gora. "Interes handia erakutsi dute herritarrek, eta ongi baloratu dute guk egindako lana. Gehienek ez zekiten zer aurkituko zuten, baina badakigu ez direla hotz gelditu".
Astelehenetako proiekzioak, "arrakastatsuak"
Hiru espaziotan banatutako esposizioa ez ezik, azaroko lau astelehenetan proiekzioak egin ditu bizikidetza foroak, pairatutako indarkeria kasuen gainean testigantzak eman dituzten 23 herritarrei egindako elkarrizketetan oinarrituta. Emanaldi horiek "arrakastatsuak" izan direla nabarmendu dute, eta protagonisten mezuak "errespetuz eta arreta handiz" entzun dituztela saioetara bertaratu direnek. Lekukotzak foroko kideekin partekatu dituzten lasarteoriatarrei eskerrak eman dizkiete: "Zuen egiari ahotsa jarri izanak horiek zuzenean ezagutzea ahalbidetu digu, eta aurreiritziak alboratzea ere bai".
Lasarte-Oriako Udalari begirunea adierazi diote "uneoro emandako laguntza ekonomiko, logistiko eta praktikoagatik", eta tokiko hedabideei ere bai, proiektua zabaltzerakoan "oso lagungarriak" izan direlako.
"Memoriarekin bizi ahal izateko bidean"
Itxiera ekitaldian erakusketa ireki izanaren helburu nagusiak errepasatu dituzte foroko kideek. "Inoiz gertatu behar ez zenaren ikuspegi grafikoa eskaini nahi izan diogu herriari. Gure lana entzutea, ezagutzea, ikusaraztea eta, ahal izan dugun neurrian, erreparatzea izan da, bi helbururekin: ez ahaztea eta ez errepikatzea".
Antonio Mercero aretoan ikusgai jarri duten materialak ikus-entzuleen barrena mugitu izana espero dute, eta hala izan bada, "pozik" daudela adierazi: "Mugitu eta interpelatu egin bagaitu, horrek erakusten du memoriarekin bizi ahal izateko bidean gaudela".
'Ixabelen sukaldea' dokumentala
Bizikidetzarako memoria itxi badu ere, foroak lanean jarraituko du, eta ez ditu amaitu herritarrei begira antolatu dituen emanaldiak. Hilaren 10ean, ostiralarekin, Ixabelen sukaldea dokumentala proiektatuko du Manuel Lekuona Kultur Etxean, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskatu beharko dute ikus-entzuleek, kultur etxeko leihatilan.