'NEURE KABUZ'

Ostiral "beltza"

Maitane Rebe Igartua 2021ko aza. 26a, 08:00

Gaur. Azaroak 26. Black Friday. Aste honetan kaleak, saltokiak eta sare sozialak eskaintza handiko iragarkiez beterik daude.  Black Friday ekitaldia geroz eta indar gehiago hartzen ari da azken urteetan, beherapen garrantzitsuak eskainiz, gabonetako kanpainari begira, kontsumoa sustatzeko aitzakiarekin. Tradizioz, azaroko azken ostiralean ospatzen da, eta ohi egun bateko iraupena duen arren, aste guztian zehar luzatzea espero da.

Printzipioz, merkatari zein kontsumitzaileentzako onuragarria dela pentsatu dezakegu, baina ekimen ona dirudien arren, zer dago mugimendu beltz honen atzean?  

Alde batetik, egun batzuk lehenago saltoki ugarik beraien prezioak puzten dituzte gaurko egunean zehar jaisteko, beherapena sekulakoa dela sinetsaraziz. Bestetik, ekimen honek neurriz kanpoko kontsumismoa eta alferrikako erosketak dakartza. Gainera, saltzen diren produktuen ekoizpenean eta banaketan sortzen diren hondakinek ingurumenean kalte garrantzitsu bat sortzen dute. 

Baina, zer gertatzen da komertzio txikiekin? Mugimendu hau konpainia handientzako soilik da onuragarria, beherapen oligopolioak, etenik ez duten ordutegiak eta soldata prekarioak dituztenak. Izan ere, ekimen honek presio handia egiten dio komertzio txikiari. Izan ere, Black Friday delakoa enpresa handiek sortutako estrategia bat da, eta kontsumitzaileek saltoki guztiek eskaintza bera egitea exijitzen dute. 

Merkatari txikiek ez dute prezio jaitsierak egiteko eta beherapen erakargarriak eskaintzeko aukerarik. Ez ahal da zentzudunagoa urte guztian zehar prezio justu batean saltzea? Baina, bistan denez, merkatuaren gorabeherek ez dute hau ahalbidetzen. 

Komertzio txikiek ezin dituzte enpresa handien prezioak berdindu. Hortan saiatzen badira, bezeroak galtzeko beldur direnean adibidez, beraien marjinak murriztu behar dituzte, baita galerak izan ere. Gainera, Black Friday ekimen honek aurrekari arriskutsu bat ezarri dezake, kontsumitzaileek produktu baten prezioa beheratzea ohiko bihurtzen baitute.

Beraz, ez dezagun burua galdu eta hausnartu dezagun honen inguruan. Gaur, azaroak 26ean, Black Friday egunean, eta beti, pentsatu dezagun zer eta non erosten dugun. Zuk eskertuko duzu, komertzio txikiak eskertuko du, munduak eskertuko dizu.