'NEURE KABUZ'

Albo-kalte(tuak)

Lierni Rekondo 2021ko aza. 19a, 08:00

Azaroaren 25a ate joka dugun honetan, indarkeria matxistak utzitako zeharkako biktimez hitz egin nahiko nuke, emakumeak baino are isilaraziagoak izan diren horiez: biolentzia bikarioak gogor jo dituen haurrez, edo amarenganako biolentziaren albo-kalteak pairatu dituzten horiez ari natzaizue. Datu ofizialek diotenez, 2013tik 41 umek galdu dute bizitza beren aitaren eskutik eta estatistiken arabera, 840.000 haur inguruk pairatzen dituzte indarkeria matxistaren albo-kalteak.

Indarkeria bikarioa indarkeria matxista mota bat da, eta biktima bihurtzen ditu erasotzaileak min egin nahi dion emakumearen senideak. Seme-alabak iskilu bilakatzen dira orduan, izan ere, bikotekideari edo bikotekide ohiari kosta ahala kosta kalte egiteko animoak guraso honek haienganako senti dezakeen edozein afektu gainditzen baitu. 

Baina zer dago bere seme-alabak zauritzen edo hiltzen dituen gizonaren atzean? Erraz definitu daitekeen profil bat dela esan genezake, nartzisista eta albokoen mina ulertu eta sentitzeko gaitasunik ez duena (nahikoa izaten baitu berearekin).

Beste batzuetan, berriz, haurrak ez dira beste gurasoari min emateko erabiltzen, besterik gabe, gatazkak erdian harrapatzen ditu, punto. Eta ama jotzen duten esku berek, gutxiesten duen ahots berak atzematen ditu haiek. 

Haur horiek ez dute haur izateko astirik, nahikoa baitute familia-nukleoaren zama bere gain hartzen. Askok ez dakite zer den aitatxo eta amatxoren lo aurreko muxua jasotzea, baina badakite oheratzean belarria ernetu behar dutela badaezpada ere; urduritu egiten dira gurasoak bakarrik uztean eta gorputzak salto egiten die sirena hotsak entzunez gero. Jakin badakite “ama bezalakoak direla”, alegia, ez dutela ezertarako balio aitak maiz errepikatzen duen moduan; beste askok amatxo gaiztoa dela dakiten era berean.

Indarkeria bikarioak, eta orokorrean, indarkeria matxistak, emakumeak etengabe zalantzan jartzen dituen, aginpiderik gabe uzten dituen eta haien hitza kolokan jartzen duen gizarte baten konplizitatea duela esango nuke. Normalean, intimitatean suertatzeak,  inguruan “aita onaren” eta “ama txarraren” imajinarioak gailentzea eragiten du, eta nahiago izaten da biktima izatera jolasten den gizona babestea emazte histerikoaren testigantza aditzea baino.
Honenbestez, emakumearen aurkako indarkeria hizpide dugun hilabete honetan, ez gaitezen seme-alabez ahaztu. Aldarrikatu ditzagun baita ere, albo-kalteak pairatzen dituzten haur hauen ongizate fisiko eta psikologikoa bermatuko dituzten lege zein baliabideak.