Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.223 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,7). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza mankomunitateko udalerrietan 123 kutsatze erregistratu dituzte zazpi egun horietan: 36 Astigarragan, 34 Hernanin, 27 Lasarte-Orian, hamabi Andoainen, bederatzi Usurbilen eta bost Urnietan.
Murrizketak intzidentzia altuko udalerrietan
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui-k iragarri du murrizketak ezarriko dituztela intzidentzia altua duten udalerrietan. Prentsaurrekoa emango dute bihar nondik norakoak xehatzeko.