Ttakun Kultur Elkartea 30 urte betetzen ari da gaur

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 16a, 09:48

Iritsi da eguna. Ttakun Kultur Elkartea hiru hamarkada betetzen ari da gaur; 1991ko azaroaren 16an jaio zen, Lasarte-Oriako hainbat euskaltzalek zituzten ilusio, nahi eta asmoak gauzatzeko asmoz. Ibilbide oparoa egin du eragileak, herriko eta inguruko euskalgintzako erreferente bilakatzeraino. Historia luze eta oparoan beste mugarri bat jarriko du gaur, 30 urteak ospatzeko ekitaldia egingo baitu Ttakunenea elkartean, 12:00etan.

Hiru hamarkada ez dira egunero betetzen, eta urtemuga berezi hori ospatze aldera, Ttakun Kultur Elkarteak makina bat jarduera antolatu ditu. Horietako batzuk hilaren 16an aurrera eramango ditu, asteartean, 30 urteak beteko dituen egunean bertan: ekitaldi instituzionala egingo du Ttakunenean, 12:00etan. Herritarrekin eta erakundeetako ordezkariekin elkartu eta elkartearen ibilbide luze eta oparoari aitortza egiteko unea izango da. Ongietorria, "ikuskizun txiki bat" eta luntxa, hortxe egitaraua. Ekitaldira bertaratu nahi duenak gonbidapena eskatu beharko dio Ttakuni. 

Lau egun geroago lehertuko da festa, hilaren 20an, larunbatez. FESTtakun izena jarri dio elkarteak egun horretan egingo duen ekimen sortari: pintxo potea Jalgi kafe antzokian, Sorgin Dantza Oria auzoan eta Okendo plazan, eta kontzertua Jalgin bertan. 11:00etan, 17:30ean eta 23:00etan hasiko dira jarduerak, hurrenez hurren. Ttakuneko bazkideentzat eta Solaskide egitasmoan parte hartzen dutenentzat doakoa izango da pintxo potea; bonua Jalgi ondoan elkarteak jarriko duen postuan eskatu beharko dute. 

Dantza prestatzeko, entseguak 

Esan bezala, hilaren 20ko egitarauko jardueretako bat izango da Sorgin Dantza. 17:30ean hasiko da, eta dantzariek bi saio egingo dituzte: Oria auzoan bat, eta Okendo plazan bestea, 18:30ean. Ttakunek jakitera eman duenez, ibilbidea "modu xumeagoan" egitea erabaki du, eta horregatik, desfilerik ez dute egingo. 

Sorgin Dantza prestatze aldera, hiru entsegu antolatu ditu elkarteak. Lehenengoa hilaren 11n egin dute, ostegunez, Oriarte Landaberri institutuan (Euskotren geltoki parean), 19:30etik 20:30era. Hurrengo biak hilaren 16an eta 18an izango dira, toki eta ordu berean. 

Hiru hamarkadako ibilbidea

Ttakun 1991ko azaroaren 16an jaio zen, Lasarte-Orian, bertako hainbat euskaltzalek zituzten ilusio, nahi eta asmoak gauzatzeko asmoz. Hurrengo hiru hamarkadetan ibilbide oparoa egin du elkarteak, herriko eta inguruko euskalgintzan erreferente bihurtzeraino. 30 urte hauetan asko handitu da elkartea, eta garaiak aldatu egin diren arren, helburuak berdinak dira: euskara eta euskal kultura sustatuz, hizkuntza horren normalizaziorako urratsak egitea. 

Bidelagun ugarirekin batera hazi da Ttakun: herritar, elkarte, ikastetxe, euskaltegi, alderdi politiko eta erakundeekin, Lasarte-Oriako Udalarekin batez ere. Euskaltzale boluntarioek osatutako talde batek dinamizatu zuen elkartea hasieran; gaur egun, 400 bazkide inguru ditu eta lantalde profesional batek kudeatzen du eguneroko jarduna.

Beste 30 urte (gutxienez) egiteko bidea jarraitu aurretik, orain arte egindakoari erreparatu eta, herritarrekin batera, aitortzarako zein festarako tartea hartuko du elkarteak.

Erlazionatuak

Sorgin Dantza prestatzeko entsegua

Txintxarri Aldizkaria 2021 aza 09 Kultura

Sorgin Dantza prestatzeko entsegua

Txintxarri Aldizkaria 2021 aza 09 Kultura