'NEURE KABUZ'

Memoria egunak

Jexux Artetxe 2021ko aza. 12a, 08:30

Elkarrekin bizitzeko, gure arteko kidetza berrindartzeko, guztiz lagungarria da oroimena partekatzea. Iraganetik behar diren irakaspenak geureganatzea, bizi dugun orainaren eta etorkizunaren orientagarri gisa. Memoriak jarraitutasun historikoa ematen dio bizitako esperientziei. Eta kontakizun modura eratuz gero, bizi ez dituztenei transmititzeko errazago egingo zaigula deritzot. Oroimenaren bitartez, gure bizipen eta eskarmentu aipagarrienak gure balio-sisteman errotuta ikasgai ahaztezin bezala barneratuko ditugu. 

Erakundeen eta ekimen herritarren eskutik, azken mende erdian pairatu dugun indarkeriaren memoria justuaren aldeko ekimenak ugaritzen ari dira, han eta hemen. Erkidegoan, asteazkenean ospatu zen aurtengo Memoria Eguna. Lasarte-Orian, aldiz, hilabete osoa emango diogu oroimena lantzeari. Erakusketa eta solasaldiak bertako testigantzetara joz, aipatu aro luzean gure herrian bizi izan duguna azaltzeko. Memoria elkarbizitzarako. Presarik gabe, baina etengabean landu behar den betekizuna da. Oker daude memoria bide lasterretik, eta ekitaldi bakar baten ondoren, errotuko dela uste dutenak. Bortxakeriaren deslegitimazioa nahi badugu, onartu beharko dugu arbuio hori ongi sustraitzeko prozesuak luzaroan jarraituko duela. Denak dira oroimena lantzeko egun aproposak.

Bitartean, aste honetako ekintzek, eta azaro osoan izango direnak, etorkizuneko bidea markatzen ari diren mugarriak dira. Asteleheneko proiekzio eta lekukotasun samingarriak utzitako arrastoa ezin dugu desagertzen utzi. Horrek ez du esan nahi orain biktima direnak betirako biktima izatera lotu behar ditugunik. Alderantziz, Manoli Urritegik esan bezala, biktimaren birgizarteratzea lor daiteke bere ahalegin propioari gizartearen laguntza sendoa gehitzen bazaio.