Memoria elkarbanatu dute, elkarbizitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 9a, 18:08

Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldearen Bizikidetzarako memoria erakusketaren barruan, hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Indarkeriazko iraganari begiratu eta horren testigu izan direnen bizipenen berri ematea da egitasmoaren xedea. Asteon egin dute lehenengoa, Antonio Mercero aretoan

Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak hainbat hitzaldi antolatu ditu, indarkeriazko iraganari begiratu eta horren testigu izan diren herritarren bizipenen berri emateko. Bizikidetzarako emoria erakusketaren barruan antolatutako jarduerak dira, eta indarkeria politikoak eragindako pertsonen testigantzak biltzeaz gain, gertakari horietako protagonisten solasaldiak eskainiko dituzte. Astelehenean, azaroak 8, egin dute lehena: Vidas truncadas. Víctimas del terrorismo y de actos policiales. Mercero gunean elkartu dira zazpi protagonistak, herritarrez inguratuta. Pili eta Mentxu Kastresana, Begoña Urroz, Josu Elespe, Juanjo Castro, Manoli Urritegi eta Caty Romero-ren bizipenen berri jaso dute bertaratu direnek. Hitzartzea, saioaren amaieran egin dute, baina horren aurretik, protagonista bakoitzaren ikus-entzunezko bana jarri dute. Hildako senideen galerek eurengan zer-nolako eragina izan duen azaldu dute. Bizikidetza taldeko Kike Intxausti eta Pello Sasiain arduratu dira aurkezpen lanak egiteaz eta bertan izan dira, besteak beste Agustin Valdivia alkatea eta Joxe Pikabea EH Bilduko zinegotzia. 

Kastresana ahizpak

Mentxu eta Pili Kastresana agertu dira lehenengo bideoan. 1988. urtean poliziak tiroz hil zuen Mikel Kastresanaren arrebak dira, eta anaiaren hilketaren ostean bizitakoak ekarri dituzte gogora. Mentxuk kontatu du senidearen hilketarekin "esnatu" zela, ordura arte ez zuela uste izan horrelako ezer gerta zitekeenik. Telebistako albistegiaren bidez jakin zuten ahizpek tiroketaren berri eta orduantxe susmatu anaia izan zitekeela tiroz hildakoa. Gurasoen etxera iristean baieztatu zen ustea. 

Gogoratu dute baita ere hilketaren hurrengo egunean Guardia Zibilek ez zietela anaiaren gorpua ikusten utzi, eta auren ama beldur zela semearen gorpua desagertu egingo ote zen: "Mikelen gorpua hilerriratzera joan ginenean, ama hileta-autoan sartu zen inori ezer esan gabe. Guardia Zibilek bertatik ateratzeko eskatu zioten, baina berak ezetz". 

Kasatresana ahizpentzat garrantzitsua da sufrimenduaren alde guztiak aitortzea: "Ematen du mina alde bakarrekoa izan dela, baina onartu behar da askotariko aldetakoa izan dela" . 

Begoña Urroz

DRIL-ek Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación taldeak lehergailu bidez 1960. urtean hildako Begoña Urroz-en ahizpa da Begoña Urroz. Senidearen hilketaren ondorioz etxean bizi izan duten isiltasunari egin dio azpimarra nagusia ikus-entzunezkoan. Kontatu du gurasoek gertatu zena isilean gordetzea erabaki zutela; ezer gutxi zekitela gertatutakoaz eta orain gutxi hasi dela gaiaz hitz egiten: "Isiltasun hark dolua bizitzeko aukerarik gabe utzi zituen nire gurasoak; ama min horrekin hil zela uste dut".

Hilketaren egilea nor izan zen argitu arte gainera, ETAri egotzi zitzaion hilketa eta jakinarazi du, bere gurasoak ez zutela jakin euren alaba DRILek hil zuenik: "Ama eta aita hil ostean argitu zen DRILek hil zuela nire ahizpa". 

Josu Elespe

Lasarte-Oriako Udaleko PSEko zinegotzi izandako Froilan Elespe-ren –tiroz hil zuen ETAk, 2001. urtean– seme Josu Elespe agertu da hirugarren bideoan. "Poza" adierazi du Lasarte-Oriako Bizikidetza Foroa egiten ari den lanarekin eta aitortu aitaren hilketak erabat aldatu zuela bere bizitzaren norabidea. "Momentu zailak izan ziren, toxikoak eta elkarbizitza oso zaila zen. Berriz ere hutsetik hasi ahal izateko erabaki genuen Lasarte-Oriatik alde egitea". 

Froilan Esleperen hilketa argitu gabe dagoela gogorarazi du, eta horren gainean ere mintzatu da: "Nire motxila arintzeko beharrezkoa da kasua argitzea. Justiziaren bidetik aukera gutxi dago jada kasua preskribatu egin delako, baina, nik, gertatu zena argitzea beharra dut". 

Juanjo Castro

ETAk tiroz hildako Jose Herrero-ren iloba da Castro. Guardia Zibil erretiratua zen Herrero, 1985. urtean hil zutenean eta hortik abiatutako bizipenak ekarri ditu gogora senideak. Orduko gertakariarekin "sekulako amorrua" sentitu zuela aitortu du, eta kontatu bera izan zela 22 urterekin osabaren gorpua errekonozitu zuena. "Aniztasuna" beharrezkoa da Castrorentzat, argi adierazi du: "Indarkeriaren aurka indarkeriaz aritzea ezinezkoa da". 

Castrok ezin izan du hitzaldira bertaratu. 

Manoli Urritegi

"Min handiarekin" bizitu zuen Manolik bere anaia Jose Javier Urritegiren hilketa –ETAk hil zuen 1991. urtean, Donostiako Larratxo auzoan zuen tabernan–. Kontatu du "babes eta laguntza falta nabaria" sentitu izan duela urte luzez, eta adibide batekin azaldu ditu hitz horiek: "Anaia hil eta hiru urtera sekulako karga sentitzen nuen. Medikura joan nintzen eta nola nengoen kontatu ostean, erabaki zuen ez nuela inolako beharrik. Biktima bat nintzela eta bizitzen ari nintzena bizitzea zegokidala erantzun zidan. Osasun sistema bera ere ez zegoen prestatuta, gurea bezalako familiak laguntzeko". Gai berarekin jarraituz, gizartea "berandu" ibili dela ere nabarmendu du: "Hiltzaileek, biktimen izan ez duten babesa izan dute".  

Eskaera bat egin du bere bideoaren amaieran: "Biktima guztiak birgizarteratzea lortu behar du gizarte honek". 

Castrok bezala, Urritegik ere  ezin izan du solasaldira joan. 

Caty Romero

Lau urte zeramatzan Euskal Herrian bizitzen Caty Romerok bere senar Alfonso Morcillo hil zutenean –Donostiako udaltzaingoa zen eta 1994. urtean hil zuen ETAk–. Senarra hil zutenetik urte luzez sentitu duen babes faltaz hitz egin du eta adibide bat ere jarri du hori azaltzeko: "Senarra tirokatu eta larrialdietako zerbitzuak iritsi baino lehen, zaurituta zegoela eusten ari nintzaion bitartean, inor ez zen laguntzera gerturatu. Beldur handia zegoen". Gertatutakoa gertatuta ere, Euskal Herrian geratzea erabaki zuen Romerok, "bere senarraren memoria aldarrikatzeko". 

Senarra hil zutenek "betiereko bakardadera" kondenatu dutela esanaz amaitu da bere ikus-entzunezkoa. 

Sei bideo laburrak ikusita, solasaldia egin dute. Protagonista bakoitzak bideoan aipatutakoak azaldu ditu, eta zazpiak esker oneko agertu dira Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak emandako aukerarekin. Saio hunkigarria izan da. 

Datozen hitzaldiak

Arestian esan bezala, gaiari lotutako hitzaldi ezberdinetara gerturatzeko aukera izango dute lasarteoritarrek, azaroa amaierara arte. Hauek dira datozen hitzorduak:

  • Azaroaren 15ean: Bizitzaren zauriak. Agintaritza publikoaren biktimak.
  • Azaroaren 22an: Bizitzak mehatxupean. Ekintza terroristen eta urraketa partikularren lekukoak.
  • Azaroaren 29an: Elkarbizitzarako bizipenak eta kontakizunak. Egungo eta etorkizuneko indarkeriari eta bizikidetzari buruzko testigantzak eta iritziak. 

Bestalde, gogorarazi, erakusketa ere hilaren 30era arte bisitatzeko aukera izango dela. Antonio Mercero gunean ikus daiteke. Astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era zabalduko dute (astearte eta ostegun goizetan, 11:00etatik 13:00era ere bai), eta 11:00etatik 13:30era larunbatetan.