'NEURE KABUZ'

Nondik hasi...

Julen Basterra 2021ko aza. 5a, 08:00

Kaixo denoi. Berria naiz hemen eta hitz batzuk idaztera nator, norbaitek irakur ditzan. Zerbait interesgarria idazteko asmotan onartu nuen TXINTXARRI-ren gonbite hau. Gaurkoan, ordea, ez dakit zer den garrantzitsua, dena kontrolpean nuela uste nuenean mundua jausi baizitzaidan berriro. Astebete lorik ia egin gabe eman eta gero lan-kontratua etetea erabaki nuen duela hilabete pasatxo. Azken egunak, ordea, duela hilabete gertatu zitzaizkidanak paperera eramaten igaro ditut. Niretzako bakarrik ari naiz idazten, nire senak gidatuta. Badakizue, berriro altxatzearen legeak aplikatzen dira beti halako egoeretan. Ez dakit lege hauek nork idatzi zituen, baina, jainko-jainkosak sortu baina aurretiko garaikoak dira. Giza konstituzioaren parte.

Nondik hasi? Galdetzen diot neure buruari. Dagoeneko, erantzuna badakit. Zorionez, ez da erortzen naizen lehen aldia. Alabaina, ez da erraza altxatzea eta itzultzea kanpoko kaosari begira galdu zarenean. Egiazki, denbora bat behar duzu urak berriz ere baretu daitezen. Urak harrotzearen eta baretzearen prozesuek nire lagun baten hitzak dakarzkidate gogora. Hark zingira bat du aipatzen:
 
"Noizbait lortu baduzu zure gogamenaren zingira laua bezain gardena zedarritzea, ez jaurti harri koskorrik bertara".

Zingira laua eta gardena mantentzea, horixe adiskidearen aholkua. Ezagutzen nautenek badakite Lao Zi dela nire pentsalaririk kutunena eta Daoaren irakaskuntzak jarraitzen ahalegintzen naizela, neure neurrian bada ere. Esaldia berea da, nire idazkeraren iragazkiaz pixka bat moldatua izan den arren. Duen mamiak hemen konpartitzera behartzen nau. Izan ere, Lao Zik bizitza on bat nola bizitzen den jakiteko baliagarriak diren tankera honetako jakituria pilula asko oparitzen dizkigu, norberak dagoen lekutik interpretatzen eta aplikatzen dituenak. Azken hiru urteotan, bolada txar zein onetan, gustu handiz irakurri eta entzun izan ditut Lao Ziren esanak. Batasuna ematen didan iturritzat daukat gizona.

Bada, "irakasle agurgarriari" jaramonik egin gabe, nork eta nik neuk, inork ni behartu gabe, hainbeste daoismo pilula kontsumitu eta gero, hartu eta jaurti diodan harri koskorra nahiko bare nuen zingira propioari. Arraioa! Harrikada galanta nirea! Uhin ugari zirkuluan mugagaberuntz zabaltzen hasiak dira zingiran. Harri koskorra, berriz, halabeharraren legez beheruntz doa azkar. Harriak zingira hondoa jo du, noski. Eta, une horretan, lokatz partikulak zabaldu dira. Dagoeneko, zingira gainean zein hondoan ez da ezer ikusten, ur uherretan murgildu baikara. Beste behin, argitasuna itzul dadin, itxarotea eta ezer ez egitea tokatzen da... Gezurra badirudi ere, hauxe da azkenean lanik zailena, munduagatik ezer ez egitea. Lagunaren hitzetan: 

"Munduaren alde ezer ez egitea, horra ikaskuntzaren hasiera iragartzen duen danborraren hotsa".

Ai ene! Izango al naiz inoiz hasiera honi heltzeko gai? Ez dakit, baina, gutxienez, bidean agertuko zaizkidan harri koskorrak zingirara ez jaurtitzearekin konformatuko naiz.