'NEURE KABUZ'

Pantailak

Aizpea Amas 2021ko urr. 29a, 09:00

‘Ey, tío, pásamelo’. Burua giratu dut, eta nire seme nagusia bera harrapatu dut ustekabean esaldi hori botatzen. Behintzat, ez du ‘bro’ esan. Lagun bati baloia pasatzeko eskatzen ari zen, duela ez hainbeste euskaraz hitz egiten zion lagun bati, zehazki. Beti bezala ‘ea zer esan duen’ galdetu diot, eta euskarara itzuli du esaldia. Atsekabetuta, burua itzuli dut. Hurrengo esaldia ere gaztelaniaz izan da. 

Iluntzean, etxera bueltatzerakoan, umeek telebistari tartetxo bat egin nahi izaten diotenez, urrutiko agintea hartuta, ETB3 jartzeko gonbitea egin diet. Ene kantak, berriz ere. Txikiena gustora geratu da, baina bizkarra eman orduko Youtube jarri dute, eta bideojokoetan aritzen den betiko youtuberra ikusten geratu dira biak. Etsigarria.

Aspaldian buruan dabilkidan kezka da euskarak gure haurren bizitzan zer toki duen. Euskara etxetik jasotzen duten haurrak gai dira edonorekin euskaraz hitz egiteko, baina zerbaitegatik nahiago dute euren artean gaztelania erabili. 

Gure garaiko heroiak, Son Gokuk, euskaraz hitz egiten zuen Vegetarekin. Aldiz, egungo heroiak Internet den unibertso horretan sakabanatuta daude, eta munduko edozein puntetako edonor izan daiteke heroi. Zurrunbilo horretan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Hori da, ordea, gure seme-alabek kozkortzen direnean ikusiko dutena. Gero, lagunekin ikusi dutena komentatzen dutenean ezetz asmatu zein hizkuntzetan egingo duten?

Txikiak direnean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Ene kantak, Goazen!... funtzionatzen du. Baina hortik aurrera, zer dago ikus-entzunezko edukiei dagokienez? Amildegia. Euskara, gurasoekin, irakasleekin eta eskola giroan hitz egiten duten hizkuntza bilakatzen ari da; hau da, diziplinarekin lotutako zerbait; eta aisialdian, lagunekin direnean, aske direnean, gaztelaniaren alde egiten dute. 

Haurtzaro eta gaztaroan, aisialdia gaztelaniaz egiten badute, helduak direnean zer espero dezakegu? 

Amildegi horretan helduleku batzuk agertzen hasi dira, eta Pantailak Euskaraz bezalako ekimenei heltzen saiatu behar gara. Ea helduleku gehiago sortzeko gai garen, beharra badago eta...