GURE ESKU DAGO

Burujabetza lortzeko bidean urratsak egiteko deia luzatu dute eragile eta norbanakoek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 21a, 11:25

Hainbat eragilek eta norbanakok egin diete deia herritarrei, erreferendumaren aldeko manifestua sinatu dezaten.

Lasarte-Oriako hainbat eragilek eta norbanakok mezu argia plazaratu dute: bat egiteko eta elkarrekin ekiteko unea da, Euskal Herri burujabeago bat lortzeko bidean urratsak egitekoa. Testuinguru horretan, erreferendumaren aldeko manifestua sinatzera gonbidatu dituzte herritarrak; firma-bilketa irailean abiatuko da, eta abenduan bukatuko da.

Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoren hitzetan, COVID-19aren pandemiak "hamaika gabezia" utzi ditu agerian. "Horietako bat, guretzat oso nabarmena, Euskal Herriaren burujabetza-falta da". Argi du zailtasun sanitario eta sozioekonomikoei aurre egitea dela lehentasuna, baina horrek ez duela esan nahi "arnasa luzeagoko politika" egiteari utzi behar zaionik. "Egoera konplikatuan gauden arren, uste dugu laster izango dela eutsi bakarrik ez, aurrera egiteko unea ere bai". 

Indarrak batzen

Euskal Herrian "urrats berriak" egin behar dira erabakitzeko bidean, Gure Esku Dagoren aburuz. "Ez dugu estatuek baldintza dezaketen aterki juridiko hutsa nahi; erabakitzeko tresnak gure esku nahi ditugu". 

"Bat egiteko unea da, elkar zaintzekoa eta elkarrekin ekitekoa". Hori sinetsita, Lasarte-Oriako hainbat eragilek eta herritarrek erreferendumaren aldeko manifestua sinatzera gonbidatu ditu herritarrak, Mirentxun talde-argazkia aterata. Hamaika Gara ekimenaren sustatzaileekin bat egin dute. Firma-bilketa aurtengo irailean hasiko da, eta abenduan amaituko da. 

Era berean, uztailaren 3an Bilbon burutuko den mobilizaziora joateko deia luzatu dute prentsaurrekoan izan direnek. "Aurrerago emango ditugu ekimen horri buruzko azalpen gehiago", ohartarazi du Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok.

Mundu mailako krisia noiz amaituko den ez jakinagatik, eragile horrek uste du "gure esku" dagoela egoera horretatik gizartea nola irtengo den erabakitzea. "Indarrak batzen ari gara, egoera honetatik burujabeago irten gaitezen".

Parte-hartzaileak

Eragileak

Herritar norbanakoak

Gure Esku Dago

Bea Egizabal

Estitxu Alkorta

Zabaleta Auzolan

Idoia Garzes

Intza Alkain

aSUnak talde feminista

Aintzane Usandizaga

Pablo Barrio

Sorgin Jaiak

Nagore Urdangarin

Arantxa Otaegi

Ernai gazte mugimendua

Rosa Ormazabal

Domi Intxausti

Elebeltz gazte taldea

Jaione Txapartegi

Marijo Goizueta

Lasarte Moria

Mikel Olaiz

Mikel Arruti

 

Iñaki Eizmendi

Gorka Lasa

 

Jose Carlos Carrasco

Jaione Urruzola

 

Pello Eskisabel

Maider Galardi

 

 

Pello Esnal