Bata, hamaika uda eta negu sufritutako zapata beltz higatuei begirada iltzatuta; bigarrena, zerura begira, sasoiari dagokion uso edo antzara, ondotik pasatzen edo mugitzen den orori begira. Hitz gutxi eta oroitzapen ugari, lasai ederrean.
Batek daki beraiek ere egon ote ziren haien jaioterrian bizitza hobe batera eramango zituen autobusaren zain. Batek daki kartoizko maleta batekin etorri ote ziren, bertan beharrezko zuten guztia hartuta, edo agian, zuten guztia hartuta. Maleta haietan ez zegoen haur-jolasentzako lekurik, 10-12 orduko lanaldiaren premia baizik. Batek daki zer ote zekiten lurralde berriari buruz, arrotza zen hizkuntzaz, ohiturez…
Zenbat beldur, zenbat kezka eta galdera. Ametsak bakarrik korapiloaren lasaigarri.
Ordu erdi geroago bertan jarraitzen dute, autobusaren zain, bueltakoaren zain agian, irudikatutako itxaropena egia bihurtu dela pentsatu nahirik. Izan ere, iragan astean azkenekoz, itxaropenaren bidean bizimodu berri baten ametsa zapuztu zien loak beste hiru gizoni.