Haurrak elebidun oso izatea xede

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 23a, 09:00
Udalak, herriko ikastetxeek eta zenbait eragilek osatzen dute GurasoLeku programaren lan mahaia.

Familietan euskararen transmisioa bultzatzearen bidez, herriko haurrak elebidun oso bihurtzea du xede GurasoLeku egitasmoak. Programa hori hainbat erakunde eta eragileren artean eraiki dute, eta lan mahaian elkartzen dira, egitasmoa koordinatzeko. Hauek dira partaideak: Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordea, Ttakun Kultur Elkartea, Muntteri-AEK euskaltegia, Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola eta Burunzpe zein Landaberri guraso elkarteak. Guztien artean egiten dute GurasoLekuren hiru adarren jarraipena: GurasoLagun, GurasoLandia eta GurasoTegi. 

Arestian esan bezala, programaren xede nagusia da herriko haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea. Horretarako, konektatu egiten ditu familiaren, eskolaren eta herriaren gogoak eta baliabideak. Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburuak gogoratu du "gurasoen tipologia guztiek" dutela aukera GurasoLekun parte hartzeko, "euskal hiztun diren kasuetatik, biek hizkuntzaren ezagupenik ez duteneraino". Eskola haurraren bigarren sozializazio eremutzat jotzen bada ere, horren aurretik, sendian garatzen ditu gaitasun horiek. "Hizkuntzekin ere, familia du lehendabiziko harremantze eremua haurrak, eta garrantzi berezia aitortzen zaio bertan jasotzen denari, bai jarrerei dagokienez, bai gaitasunei eta erabilera ohiturei ere". 

"Erabateko aldaketa" 

Antxordokik adierazi du "erabateko aldaketa" eman dela herrian euskaraz ikasten duten umeen proportzioetan. "Orain hiru hamarkada, 1991-1992 ikasturtean, herrian eskolatutako Haur zein Lehen Hezkuntzako ikasleen %27ak ikasten zuen D ereduan. Gaur egun, berriz, guztiek, %100ak. Horrek esan nahi du haur guztiek euskaraz dakitela, desberdintasunak desberdintasun".

GurasoLeku egitasmoan parte hartzen dute Lasarte-Oriako eskolek. Herriko ume askok Andrejoakinaenea haurreskolan egiten dituzte lehen urratsak, euskaraz. "Gurean, euskararen transmisioa oso goiztiarra da eta ziur gaude horrek eragin positiboa izango duela etorkizunean; hasieratik hizkuntza horretan egiten diren harremanek joera mantenduko dute", adierazi du. GurasoLeku "herria euskalduntzeko baliabide oso aproposa" dela uste du. "Are gehiago, Lasarte-Orian familia erdaldun dezente daudelako; oso garrantzitsua da lehenbailehen hastea hori lantzen".

Zentzu horretan, Sasoeta-Zumaburutik nabarmendu dute gurasoek ikas dezaketela euskara ez dela eskolako hizkuntza soilik, Euskal Herri osokoa ere bai. "Aukera oso interesgarria da, bai euskaraz hitz egiten hasteko, bai norberak bere maila hobetzeko, beste guraso batzuekin batera. Horrez gain, momentu oso politak parteka ditzakete seme-alabekin, eta edukiak gusturago barneratu". Eskolak jokatzen duen papera "berebizikoa" dela aipatu dute, eta euskararekiko "jarrera positiboa" izaten erakusten dietela, Haur Hezkuntzatik. 

Garaikoetxea Landaberrik GurasoLekun parte hartzen du ikasleak "benetako elebidun" bihurtzea nahi duelako. "Horretarako, ezinbestekoa da familietan euskararen transmisioa bultzatzea, hizkuntzarekin duen lotura funtsezkoa baita prozesu horretan". Gurasoak ere inplikatuta badaude, "askoz errazago eta modu naturalagoan" gertatzen da. "Eskolari, bakarrik, oso zaila egiten zaio helburu hori arrakastaz erdiestea". 

Erlazionatuak

Euskara ere, familiako kide

Txintxarri Aldizkaria 2021 urr 08 Euskara