EDUKI BABESTUA

Euskara ere, familiako kide

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 8a, 13:01

Lasarte-Oriako erakunde batzuk lanean ari dira, elkarrekin, euskara indartsuago transmititu dadin 
familiartean. GurasoLeku egitasmoa ondu dute, eta hiru atal ditu: GurasoTegi, GurasoLagun eta GurasoLandia

Lasarte-Oriako haurrak elebidun oso bihurtzea helburu

GurasoLeku egitasmoa 2014-2015 ikasturtetik dago martxan Lasarte-Orian, eta herriko haurrak elebidun oso bihurtzea du xede, familietan euskararen transmisioa bultzatuz. Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik azaldu duenez, "familia tipologia desberdinetara egokitutako hiru programa" barnebiltzen ditu Gurasolekuk: GurasoTegi, GurasoLagun eta GurasoLandia. Hiru atal horien gainean mintzatu da: "GurasoLagunen, euskaraz mintzatzeko gaitasuna duen pertsona bat elkartzen da horretarako ohitura ez duen batekin, azken horrek mekanismoak har ditzan". GurasoTegi: "Gurasoentzako euskara eskolak ematen dituzte, oinarrizko gaitasunak lantzeko". Hirugarrena GurasoLandia da: "Beste bi ataletako gurasoak elkartu egiten dira, eta aisialdiko jarduerak egiten dituzte haurrekin. Euskaraz hitz eginez gozatzea eta familiartean tarte atsegin bat igarotzea dira helburuak". 


Ttakun Kultur Elkartea da programan lan egiten ari den eragileetako bat. Mari Karmen Ormazabal lehendakariak  hiru ataletako edozeinetan parte hartzera animatu ditu lasarteoriatarrak: "Herriko ikastetxeekin elkarlanean, espazioak eta tresnak jartzen ditugu familien eskura, haien haurrekin euskaraz hitz egin dezaten". Hezkuntza hizkuntza transmititzeko makulu sendoa izanagatik, inguruak ere "garrantzi handia" duela nabarmendu du Ormazabalek. Herriko guraso orok GurasoLeku egitasmoan tokia duela gehitu du.

LAN MAHAIA

Euskara familietan indartsuago transmititzeko helburuz, honako erakunde hauek lan egiten dute, saretuta, bakoitzak bere eremuan: Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Burunzpe Guraso Elkartea, Landaberri Guraso Elkartea, Andre Joakina Enea haurreskola, Muntteri AEK euskaltegia, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordea eta Ttakun Kultur Elkartea.

GURASOLEKU programan parte hartzen dutenen testigantzak