Esan bezala, Iñigo de Loiola kaleko 6. zenbakiko lokalean egingo du, 14:00etan. Aurrez tiketak erosita zituzten guztiek tokia izango dute –elkarteak zehaztu duenez, urriaren 19rako ia guztiak salduta zeuden–. Baten batek txartela itzuli nahiko balu, aukera izango du horretarako, urriaren 22ko arratsaldera arte, kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzita edo 695 78 53 89 telefonora deituta. Balizko eskaera horiek Ttakunek berak kudeatuko lituzke, eta urriaren 25etik 31rako astean gauzatuko lituzke itzulketak.
Okendo plazan bazkaltzeko baimenik gabe
Ttakunek jakinarazi duenez, urriaren 15ean dekretu bat bidali zion udalak, egitarauko jarduera guztiak baimentzen. Bost egun beranduago jaso zuen bigarrena. "Udalak atzera egitea erabaki du, eta debekatu egin du bazkaria Okendo plazan egitea, Euskal Jaiak ospatzeko hiru egun falta zirela". Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin kontsultatu zuen udalak, eta horren ostean hartu zuen erabakia, "Ekitaldien antolaketa izeneko bosgarren atalean jasotakoa betetzeko: ostalaritzako guneetan eta jatetxeetan baino ezingo dira janaria eta edariak saldu eta kontsumitu".