Bi kalabazak hartu ditu, eta baskulan jarri: bakoitzak 22,5 kilo inguru pisatu ditu. Bezero bat baino gehiago geratu da barazki pieza horiei begira, ez baita oso ohikoa izaten horren handi eta pisutsuak izatea. Purean, egosita, labean erreta, plater bateko osagarri bezala... Modu askotara jan daiteke kalabaza. Azokara bertaratu diren erosleek makina bat eratara prestatuko dute, jakinda lehengaia primerakoa dela.
Sinadura bilketa
Gaur goizean Andatza plazan zebiltzan zenbait eroslek TXINTXARRI-ri kontatu diotenez, asteazkenetako merkatua tokiz aldatzeko sinadurak biltzen ari dira asteotan. Antza denez, zenbaitek arazoak izaten dituzte Andatzaraino joateko, eta nahiago dute pandemia hasi aurreko tokira lekualdatuko balute, Kale Nagusira eta Ola kalera, hain justu.