Tokiko komertzioetan erostearen garrantzia aldarrikatzen jarraitzen du Aterpeak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko urr. 14a, 12:32

Lasarte-Oriako tokiko komertzio, taberna eta zerbitzu pertsonalen enpresek duten balioa nabarmentzeko, kanpaina eta iragarki berri bana aurkeztu ditu Aterpeak. Pura Suerte egitasmoaren bidez, urriaren 15etik 30era herrian erosten duten bezeroek bonuak irabazi ahalko dituzte. Horretarako, argazki bat atera behar dute negozioaren jabearekin edo erosketa txartelarekin, eta merkatarien elkarteari bidali.

Pura Suerte izeneko kanpaina martxan jarriko du Aterpea Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak bihar, Lasarte-Oriako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Eragileko kideek azpimarratu dute "ordu asko" sartu dituztela egitasmo honetan, eta espero dutela herritarren gustukoa izatea. Helburu nagusia tokiko dendak, tabernak eta zerbitzuen enpresak "indartzea" da, eta bezeroak bertan erosteaz sentsibilizatzea. "Gure lan egiteko modua berritzen ari garela erakutsi nahi dugu: sarean edo merkatalgune handietan ez dute horrelako gertutasunik, arretarik eta profesionaltasunik aurkituko". 

Antolatzaileen hitzetan, belaunaldi gazteetako bezeroak erakarri nahi dituzte kanpainaren bidez; zehazki, 25 eta 50 urte artekoak. "Horietako askok ez dute tokiko establezimenduetan erosteko ohiturarik, eta ikusarazi nahi diegu gure negozioak sendoak eta kalitatezkoak direla". Hori dela eta, sare sozialak "oinarrizkoak" izango dira: Lasarte-Orian erosten edo kontsumitzen dutenek argazki bat atera beharko dute negozioaren jabearekin edo erosketa txartelarekin, eta Aterpeako kideei bidali. Egitasmoarekin bat egin duten komertzioetan gastatzeko bonuak irabaz ditzakete bezeroek, 2.000 eurora artekoak. Pura Suerte urriaren 30ean bukatuko da, larunbatarekin.

Zaldiekin, analogia

Kanpainaren bidez ikusarazi nahi duten guztia indartzeko, Aterpeak iragarkia sortu du. Artsier Fotografia dendako jabe Asier Esparzak eman ditu xehetasunak. "Ikus-entzunezko ausart, moderno eta alaia sortu dugu, eta tokiko establezimenduak sendoak eta kalitatezkoak direla ikusarazteko, analogia bat egin, zaldi lasterketen mundua eta merkataritza uztartuz". Donostiako Hipodromoari, Ramon Avial prestatzaileari eta Alejandra Gutierrez jockeyari eskerrak eman dizkie Esparzak, grabaketetan parte hartu izanagatik. 

Kanpaina aurkeztu eta argazkia atera ostean ikusi dute iragarkia Aterpeako eta udaleko ordezkariek. Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek eskerrak eman dizkio merkatarien elkarteari: "Izugarrizko lana egiten duzue, eta orain arte bezala, etorkizunean jarduerak eta kanpainak antolatzeko udala kontuan izaten jarraitzea nahiko nuke, zuek laguntzeko gaude".

Erlazionatuak

Bezeroen leialtasuna saritu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2021 urr 13 Ekonomia