Bezeroen leialtasuna saritu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 13a, 21:04

Bezeroaren Hamabostaldia kanpainan parte hartu duten bezeroetako zortzik erosketa bonuak jaso dituzte Jaizkibel plazan, Agustin Valdivia alkatearen eta Aterpeako ordezkarien eskutik.

Aterpeako zuzendaritza batzordeko kide Ramon Ormazabalek eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu duten lasarteoriatarrei eta komertzioei, eta azpimarratu du "tradizio handiko egitasmoa" dela Bezeroaren Hamabostaldia. Halaber, Lasarte-Oriako Udala eta Eusko Jaurlaritza aipatu ditu, bi erakundeek jarduera babestu dutelako. Jakinarazi duenez, aurtengo aldian Aterpeako 78 bazkide animatu dira. 

Luzamendutan ibili gabe, sariak banatu dituzte Aterpeak eta udalak (Agustin Valdivia alkateak ordezkatu du erakundea): 

  • 500 euroko txartel bana irabazi dute Elena Arroyok eta Maria Luisa Ibarzabalek.
  • 250 euroko txartel bana irabazi dute Pilar Arteagak, Gabriel Sarasolak, Ixabel Uzkudunek (ezin izan du saria jaso), Karmele Tejadak, Kaila Suazok, Lorea Goenagak, Kontxi Aramendik eta Jon Aldazek.

Ormazabalek eta gero, merkatarien elkarteko kide Arantza Aldaik hartu du hitza, eta azaldu du erosketa txartelak, 500 eurokoak zein 250ekoak, hamarna euroko bonuetan banatuta jaso dituztela saridunek. Erabiltzen dituztenean, kontuan izan beharko dute Aterpeak ez duela dirurik itzuliko. Adibide bat: bezero batek 28 euroko erosketa egiten badu, hark erabaki beharko du hamar euroko hiru txartel erabili, edo bi, eta bere poltsikotik beste zortzi euroak gehitu.