COVID-19

Ostiraletik igandera bi kutsatze baieztatu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 13a, 13:14

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez dituzte egunero gaurkotuko COVID-19aren bilakaerari buruzko datuak, astero baizik. Argitaratu duten azken txostenean urriaren 10era artekoak jaso dituzte: Lasarte-Orian bi kutsatze baieztatu dituzte ostiraletik igandera, eta hamar azken hamalau egunetan. Zazpi hilabete geroago, gure herria gune berdera igaro da; intzidentzia tasa metatua 52,5 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.156 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,3). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan bederatzi positibo detektatu dituzte ostiraletik igandera: hiruna Urnietan eta Hernanin, bi Lasarte-Orian eta bat Astigarragan.