Andaluziako giroak epeldu du asteburua

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 11a, 08:00

XVIII. Aste Kulturalaren erdia egin dute, jada. Ostegunean hasi eta bihar amaituko den egitarau oparoak normaltasun zaharra gogora ekarri duten zenbait une izan ditu; dantza egitea baimendu dutela baliatuta, gordetako gogoak atera baitituzte batzuek. 

Hegoaldeko giroa gustuko dutenen topaleku da egunotan Okendo plazako karpa. Sevillanak, flamenkoa edo udazken egunotakoa baino giro epelagoak gogora dakartzaten erritmoak nagusi izan dira asteburuan. Arratsaldeko 19:00etan hasita, Andaluziaren zatitxo batek hartu du agertokia. 

Son de Ases taldeak sevillana eta runba doinuekin alaitu zuen ostiral iluntzea. Pandemiari lotutako mugen lasaitzeak dantzarako aukera eman arren, kosta egin zitzaien ikusleei animatzea. Lehenak ausartu orduko, ordea, beste batzuk batu zitzaizkien. Musukoengatik ez balitz, bi urte atzera egitea bezala izan zen.

Larunbatean dantza egin zuena, Nadia Redin izan zen. Eserlekuek bezperan dantzaleku izandakoa bete zuten eta haietatik jarraitu zuten herritarrek flamenko ikuskizuna. Arazo teknikoek ia ordu erdiz atzeratu zuten ikuskizunaren hasiera, baina dantzariak jasotako txaloak ikusita, merezi izan zuela dirudi. 

Igandean, Julen Basterra eta Imanol Vitores herritarrek gitarrarekin duten abilezia erakutsi dute. Askotariko errepertorioa prestatu dute pieza klasikoak eta filmetako musika uztartuta. Soinuarekin arazoak izan dituzte, gitarretako bat bestearen gainetik entzuten zen, azaldu dutenez, ez baitaude mikrofonoarekin jotzera ohituta. Jakin-mina piztu du emanaldiak eta aurrera egin ahala, herritar gehiago animatu da kanpoan begira egon beharrean, barrura sartzera. Lehen abestietako batekin omenaldia egin diete Andaluziatik edo Espainiako beste txoko batzuetatik etorritako gurasoei edo aitona-amonei, "Lasarte-Oriara ekarri gintuztenei", baita Semblante Andaluz eta gainerako erregio etxeei. Bigarren zatian, gitarretako bat mandolinagatik aldatu dute eta tonu malenkoniatsuagoa hartu du emanaldiak. 

Hurrengo ekimenak

Asteburua joan da, baina oraindik zenbait ekimenez gozatzeko aukera izango dute Okendo plazako karpara bertaratzen direnek. 

Gaur, astelehena, futbolari buruzko hitzaldia emango du Mikel Etxarri entrenatzaileak, 12:00etan. Iluntzean, berriz, Katak taldearen flamenko kontzertuaren txanda izango da, 19:00etan hasita. Bihar, asteartea, Rafafa magoak haurrentzako ikuskizuna egingo du, 13:00etan; eta jarduera zerrenda amaitzeko, Semblante Rociero koruaren emanaldia, 19:00etan eta XVIII. Aste Kulturalaren itxiera ekitaldia, 20:30ean.