Rockaren erritmora hasi da Aste Kulturala

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 8a, 09:54

Ostegun iluntzean hasi da Semblante Andaluz elkartearen XVIII. Aste Kulturala. Eragilearen lehendakari Jose Mari Melladok eta Agustin Valdivia alkateak agurtu dituzte herritarrak, eta rock doinu ezagunak oholtzaratu ditu ondoren Huelvatik (Andaluzia, Espainia) etorritako Via Verde taldeak.

"Adina edozein izanda ere, edonork goza dezake prestatu dugun egitarauaz", nabarmendu du Melladok. Aste Kulturalaren lehen eguneko egitaraua gazteentzako prestatu du Semblante Andaluzek; ekimen nagusia Via Verde laukote andaluziarraren rock kontzertua izan da. Extremoduro, La Polla Records eta Marea taldeen abesti ezagunenak jo dituzte, beste batzuen artean. Okendoko karpan herritar gutxi batzuk zeuden hasieran, baina, apurka-apurka, ikus-entzuleak bertaratzen hasi dira eta giro ederrean dantzatu dute, aspaldiko partez. Zentzu horretan, alkateak hitza hartu duenean, elkarteari esan dio fase berrian horrelako jarduera bat antolatzen duen lehena dela, eta "ohorea" dela hori. 

"Beldurrik gabe gozatzeko egunak"

Melladok azken hilabeteak errepasatu ditu, eta onartu du "zaila" izan dela Aste Kulturala antolatzea. Prestatu duten programa "ona" dela adierazi du, eta ezin izan dituztela ekitaldi gehiago lotu, "ziurgabetasunagatik". Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dekretua argitaratu duen egun berean hasi da XVIII. Aste Kulturala. Herritar guztiak gonbidatu ditu Okendo plazako karpara joatera: "Beldurrik gabe gozatzeko egunak datoz".

Ostegunean fase berri bat hasi izanak "inflexio puntu bat" dakarrela azpimarratu du Valdiviak. "Ea aurrerantzean jarduera kultural eta festa guztiak ospa ditzakegun". 

Datozen ekintzak

Aste Kulturala urriaren 12an amaituko da, asteartearekin. Bitartean, hauek izango dira aurrera eramango dituzten ekimenak:

Ostirala, urriak 8

  • 19:00etan, Son de Ases taldearen musika ikuskizuna.

Larunbata, urriak 9

  • 19:00etan, flamenko doinuak Nadia Redinen eskutik.

Igandea, urriak 10

  • 19:00etan, gitarra eta mandolin kontzertua, Julen Basterraren eta Imanol Vitoresen eskutik.

Astelehena, urriak 11

  • 12:00etan, futbolari buruz hitz egingo du Mikel Etxarri entrenatzaileak.
  • 19:00etan, flamenko kontzertua emango du Katak taldeak.

Asteartea, urriak 12

  • 13:00etan, haurrentzat, magia ikuskizuna, Rafafa magoaren eskutik.
  • 19:00etan, kontzertua emango du Semblante Rociero koruak.
  • 20:30ean, XVIII. Aste Kulturalaren itxiera ekitaldia.

 

Erlazionatuak