Ilargi tabernako barra pintxoz beteta egon ohi da. Beirazko ontzi batek estaltzen ditu oraindik ere, baina bezero bat gustura jaten ari da jaki horietako bat, barran bertan, zutik. Hori bai, mokadua eman eta maskara igo du berriro, ia begien parera. Indarrean zeuden osasun neurri gehienak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez, baina ahaztuak genituen zenbait ohitura berreskuratzeko denbora beharko dugula dirudi. Lorena Saenz zerbitzariak TXINTXARRI-ri kontatu dionez, tabernako barran kontsumitzen hasita ere, giroa ez da pandemia hasi aurrekoa. "Baten bat paretera begira jarri da, zigortuta balego bezala".
Sekulako eguraldia egiten du gaur, eta horregatik, herritar asko terrazan eseri dira. Establezimendu txikiagoetan nabaritu da barran zutik kontsumitzearena, esate baterako, Arkupen.
Bien bitartean, komertzioen kanpoaldetako ilarak ez dira desagertu. GAES zentrora joan da lasarteoriatar bat entzumena berrikustera, eta kanpoan itxaroten ari zen. Cecilia fruta dendan, bakarra ez, bospasei bazeuden gutxienez kanpoan, poltsak eskuan, barrura noiz sartuko zain.
Maialen Chourraut kiroldegira gerturatu da gero TXINTXARRI, ezer aldatu den ikustera. Bertako langileen aburuz, oraindik ez dute edukierak handitzeko edo erreserba sistema (gaur egun sarearen bidez egin behar da) aldatzeko agindurik jaso.
Hezkuntzari dagokionez, sailburu Jokin Bildarratzek jakinarazi du protokoloa eguneratzen ari direla, eta bihar bidaliko diotela ikastetxeei. Astelehenean sartuko da indarrean.