Intxaurrek ekarritako oroitzapenak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 3a, 10:03

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek azken ikuskizunaren emanaldia egin dute larunbat arratsaldean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Emanaldiaren amaieran, intxaurrondo bat oparitu diete Jalguneko kideei. 

Intxaurrak onak omen dira oroimenarentzat. Akaso horregatik aukeratu du fruitu hau Lasarte-Oriako hirukoteak Amaren intxaurrak ikuskizuneko hari gisa. 

Parke magikoan elkartu dira sudurgorriak eta duela hiru urte Marimototsen ama, Loreto, hil zenean landatu zuten intxaurrondotik fruituak hartu dituzte. Intxaur zati bat jan duten bakoitzean Loretorekin bizitzako pasadizoren bat gogora etorri zaie. Esaterako, parkea Mandarina Dor bilakatu nahi izan zutenekoa edo Marimototsek minbizia zuenean pirata izatera jolasten zuela eta lagunen indarrari esker sendatzea lortu zuela. 

Heriotza du ardatz ikuskizunak, baina modu baikor eta atseginean. Abentura guztien amaieran, intxaurrondo bat oparitu diote 30 urte bete dituen Jalgune elkarteari. Jalguneko lehendakari Pili Bermejo zenbait kiderekin batera igo da oholtzara eta hunkituta jaso du zuhaixka. Eskerrak eman dizkie pailazoei eta adierazi du urteurrena ospatzeko egingo duten jarduera zerrendan intxaurrondoaren landatzea barneratuko dutela. 

Kultur etxeko auditorioa hustu denean, Jalguneko kideek argazkia egin dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, eta elkarrekin Zorionak zuri abestu dute. 

Erlazionatuak