Nahia Zudaire: "Eskerrik asko prozesuaren parte izan direnei"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 20:25

Omenaldia egin dio Lasarte-Oriako Udalak eta herriak Nahia Zudaire Borrezo igerilariari. Tokioko Paralinpiar Jokoetan egindako lanaren aintzatespena jaso du. Abuztu hasieran Maialen Chourraut omentzeko erabilitako gidoi bera jarraitu du oraingoan ere udalak. Ekitaldi instituzionala eta herrikideen agurra. 

Kalean hasi eta kalean amaitu da ekitaldia. Arratsaldeko seiak baino lehentxeago, igeriketa taldeko zenbait kide eta lagunak alboan zituela iritsi da Nahia Zudaire udaletxe aurrera. Errepide erdira atera dira Agustin Valdivia alkatea eta Zudaire. Aurrean, lau dantzari, atzean, eta inguruan, aitortza egitera bertaratutako senideak, lagunak, taldekideak eta herrikideak. Udal ordezkaritza zabala ere izan da ekitaldian: Lourdes Acevedo, Maite Iglesias, Txus Alonso, Nagore Duran, Nuria Fernandez, Jon Antxordoki, Boris Nogales, Uxue Loinaz, Estitxu Garmendia,  David Ares eta Tania Rodriguez.

Agurra dantzatu diote eta urduritasuna iger zitekeen musukoak agerian uzten zuen Zudaireren aurpegian. Oina mugitu du doinuarekin batera eta adi jarraitu ditu dantzariak. Jarraian, udalbatza aretora bidea egin du  dantzariek atarian osatutako arkua zeharkatuta eta "Ikusi mendizaleak" kantaren doinuak lagunduta. 

Aretoko eserlekuak beteta zeuden Zudaire heldu denean. Bertan ziren, besteak beste, Iñigo Llopis edota Richard Oribe igerilariak Zutik eta txalo artean egin diote harrera. Alkateak Lasarte-Oriako bandera ondoko atrilera jo du, omendua, berriz, besaulki zurian eseri da. Haren ondoan, oroigarri gisa eman dizkioten lore sorta eta zapia zeuden. 

Harrotasuna eta eredua

"Harro gatoz osoko bilkura aretora kirolari gazte bat hartzeko, Tokioko azken joko paralinpikoetan nabarmendu dena. Kirolari bat oztopo asko gaindituta kirol paralinpikoaren hitzordurik garrantzitsuena iritsi dena. Lortutako emaitzaz oso harro sentitzen gara denok". Hitz horiekin hasi du bere adierazpena Valdiviak. Jarraian, Zudairek 6 urterekin hasitako ibilbidea gainbegiratu du alkateak, egindako lana nabarmenduz. "Zalantzarik gabe ahalegin handia egin behar izan duzu. Maila olinpikoan kirola egitea zaila bada, maila paralinpikoan, askoz gehiago".

Buruntzaldea IKTn eta udal igerilekuan hasi zen lehiatzen Zudaire, hasieran, ohiko kirola eta egokitua uztartuta. Gerora, lehiaketak helduko ziren, gertukoak, lehenik, eta urrutiagokoak 2017an nazioarteko lehen txapelketak aritu zenetik. "Harro sentiarazten gaitu gure udal igerilekuan, gure herriko klub batean kirolari gisa prestatu zarela jakiteak. Joan zaren tokira Lasarte-Oriako izena eraman duzulako", aitortu du alkateak. Aurten, Paralinpiar Jokoetara eraman du jaioterria. Pandemiak eragindako zailtasunak zailtasun, Tokion izateko aukera izan du Zudairek eta han emaitza ona lortu du: Markak ondu ditu eta laugarren izan da bi probatan.  Hori horrela, "hemen ikusiko zaitugun azken aldia izango ez dela" aurreratu du Valdiviak; izan ere,  "igeriketaren oraina eta geroa" dela uste baitu 17 urteko igerilari gaztea, "gainditzen zaila den arerioa". 

Bere mugak gainditzeko eta aurre egiteko gaitasuna ere nabarmendu du agintariak. Horren adibide, batetik, oztopo zirudien paraparesia "gainditu beharreko helburu" bilakatu izana, eta bestetik, Paralinpiar Jokoetako proba batean jasandako deskalifikazioak ez kikildu izana. "Gogoa izanda, lan eginda eta ahalegina eginez urrutira hel daitekeela erakutsi duzu. Besakadaz besakada eta ostikadaz ostikada erdietsi duzu lortutakoa". 2024an Pariseko jokoetan emaitzak hobetzea opatu dio.

Lore sorta eman eta zapia jarri dio alkateak omenduari. Hunkituta zegoen igerilari eta esker hitz batzuk besterik ez ditu esan. Batetik, udalari, bai berari Chourrauti omenaldi bera egin izanagatik; bestetik, prozesuaren parte izan diren guztiei, bidean alboan izan dituenei.

Kirola, "askatasuna"

Talde argazkiekin amaitu dute ekitaldi instituzionala, eta handik Okendo plazako balkoira joan dira, herritarren aurrera.  Omendua heldu artean, aurkezleak bere ibilbidearen zenbait mugarri errepasatu ditu eta hari lotuta egin dio lehen galdera: Kirola berarentzat zer den. Erantzuna argi du Zudairek. Bere bizitzako alderdi asko lotzen baditu ere, hitz bakarrean azaltzeko gai izan da: "Askatasuna. Nire elbarritasunak askoz gutxiago eragiten dit uretan, eta nire bigarren etxea da, gustura sentitzen naizen tokia". Helburua, berriz, lausoago du orain. Izan ere, ametsa Paralinpiar Jokoetara iristea zen eta hori lortuta hurrengo ez du argi, "askoz gehiago ikasi eta heltzea". Erreferenteekin ere, zalantza gutxi. "Bidean helduleku izan direnak, prozesuaren parte izan direnak, hasieratik bidean egon direnak". 

Borja Apeztegia bere lehen entrenatzailea ere alboan izan du balkoian. 9 urteko Nahia gogora ekarri du, eta bere lorpenak ikusteak "poz handia" ematen diola aitortu du eta  klub bezala "harrotasuna" sentitu dutela bertako kide bat Tokioko Paralinpiar Jokoetan lehiatu delako. 

Txalo zaparrada batekin agurtu dute plazan bildutako herritarrek igerilaria eta Tina Turner abeslariaren The Best kantak lagunduta, argazki ugari egin ditu balkoian zeuden kideekin.