Nahia Zudaire Borrezo: "Laugarren izateak hurrengo jokoetarako beste ikuspegi bat ematen dizu"

Nerea Eizagirre 2021ko urr. 1a, 09:30

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Borrezo (Zubieta, Donostia, 2004) igerilariak otsailean 400 m. libre proban B marka egin eta lehenengoz Paralinpiar Jokoetan  lehiatu da. Hiru probetan parte hartu zuen eta bi diploma olinpiko eskuratu ditu

Denboraldi ona egin duzu. Markak hobetu dituzu eta Tokion lehiatu zara. Denboraldi hasierako helburua bete duzu?

Denboraldi zail batetik nentorren. Londreseko Munduko txapelketa eta gero, ez dakit nerabezaroarengatik edo lehiaketaren osteko depresioa edo, beherakada izan nuen. Ez nekien nire bizitza kudeatzen. COVIDak salbatu ninduela esan daiteke. Geldiune bat izan dut, geratu eta gauzak argitzeko

Ondorioz, aurten aldaketa handia egin dut. Entrenatzaile eta talde berria, dena berria. Helburu nagusia, nahiz eta entrenatzailearekin horri buruz zehazki ez hitz egin, nik lehiaketan ez sufritzea zen. Lehiaketan sartu eta lasai egoera kudeatu ahal izatea.

Lehiaren aldea bideratuta edukitzean beste guztia bakarrik etorri da. Helburu nagusia ez ziren markak edo Tokiora joatea. Helburua zen lehiaketara joan eta ez etxera joan nahi izatea.

Entrenamendu kopurua handitu duzu hitzordua prestatzeko?

Entrenamenduak aldatu ditut, baina ez da txapelketengatik izan. Hiru saio gehitu ditut astean, baina prozesuaren barruan izan da. Entrenatzaile aldaketarekin, antolaketa berrira moldatu behar izan naiz eta gauza berriak txertatu ditugu. Duela bi urte sei saio egiten nituen eta ez nuen gimnasiorik egiten. Aurten hiru sesio gehiago gehitu ditugu, horietako bat gimnasioan.

Zure lehen Paralinpiar Jokoak izan dira. Zer nolako bizipena izan da? 

Orain hasi naiz guztia asimilatzen. Hilabete igaro da eta pixka bat hobeto nago. Sentsazioa izan da Paralinpiar Jokoak handiak direla. Dena hamar bider. Ez da orain bizi izan dudanaren antzeko. Sentsazioak, egoera, lehiaketa, jendea… esperientzia itzela izan da.

Paralinpiar joko batzuk hain dira handiak, Europako edo Munduko txapelketetara joan eta lasai egongo naizenaren sentsazioa dudala.

Zein desberdintasun dago nazioarteko lehiaketa batekin?

Lehenengo gauza olinpiar hiria da; bertan kirol guztietako kideak ginen. Orain arte igeriketako jendearekin bakarrik egotera nengoen ohitua. Jangelan beti igerilekuan ikusten nuen jendearekin topatzen nintzen. Tokion atletismoko batekin edo beste kirol batekoarekin egiten zenuen topo. 

Kudeaketa eta tokia… Beste mundu bat bezalakoa da. Beste txapelketetan hotel bat eta igerilekua bat da. Orain guztia bideratuta zegoen txapelketa horretara, denbora guztian zinen atmosfera horretan olinpiar hiria, kirol bakoitzaren eremua…

Nahia Zudaire Borrezo, Tokio 2020ko igerilekuan. Arg.: Nahia Zudaire Borrezo.

Olinpiar hiria aipatu duzunez, nolakoa izan da bizitza?

Aurten ezin izan dugu gauza askorik egin. Beste lurraldeetako jendearekin harreman gutxi izan dugu. COVIDarengatik arau zorrotzak zituzten herrialdeetako batzuk. Australiakoak esate baterako ez ziren euren hoteletik ateratzen, bertan zuten euren jangela. Beste txapelketa batean ezagututako norbaitekin hitz egin ahal zenuen baina gutxi izan dira horrelakoak. Beraz, ezin dut esan beste herrialdeko norbait ezagutu dudanik, hori bai, Espainiako selekzioko beste alorretako kideekin bai.

Koronabirusarengatik Tokioko Jokoak kinka larrian egon dira eta azkenean, ikuslerik gabe egin dira. Nola bizi zenuen?

Nik ez dut guztia Tokion zentratu. Prozesu bat izan da eta gero, Tokio iritsi da. Deialdia ez zen ofiziala eta ni entrenatzen jarraitzen nuen, ez lehiaketarengatik niregatik baizik. Horregatik erabaki horrek ez dit asko eragin.

Urte osoa erokeria izan da zentzu horretan. Azken momentura arte ez genekien txapelketa bat egingo zen. Otsailera arte, ez genuen ezer jakin. Eta txapelketa ez bazen, zu zinen berrogeialdian. Odisea urtea izan da.

Argi genuen egingo zirela. Interes ekonomiko eta bestelakoez gain, olinpiarrak egin ziren eta paralinpiarrak ez egiteak zalaparta sortuko zuen.

Izan ere, Tokioko jokoak inklusiboak eta berdinzaleak izan dira. Esate baterako, bi jokoetako gauzak zenituen eskuragarri. Botilak bi ikurrekin zenituen eskuragarri. Dena zen kirola eta Tokio 2020. Tokio guztientzat aurrerapauso bat zen eta egin behar ziren.

Gainera denak txertatuak ginen eta berrogeialdia egin genuen.

COVIDarengatik asko zaindu behar izan zinen, orduan?

Joan baino lehen Espainiako indar armatuko kideek txertatu gintuzten. Zaragozara joan behar izan nintzen. Nik hamazazpi urtea dauzkat eta pauta osoa behar nuen uztailak 14an. Nire kuadrillakoek orain bukatuko dute.

Bi aste egon ginen San Cugateko zentroan atera gabe eta horrez gain, aurretik etxean maskararekin egon nintzen. Gurasoek bere bizitza daukate eta hamaika urteko anaia dut, udara zen eta zentzu horretan, asko zaindu behar izan naiz.

Eta Tokion arazorik sortu al zen pandemiarengatik?

Hamalau egun egon ginen olinpiar hirian eta Espainiako taldean ez zen positiborik izan. Nahiko kontrolatua zegoen egoera.

Azken egunetan, gainera hiritik ateratzen utzi zuten. Ni ezin izan nintzen atera adinez txikia nintzelako. Baina hemezortzi baino gehiago zituztenek turismoa egin zuten.

Elkarrizketa batzuetan aipatu duzu zuretzako saria zela Tokion egotea eta lehia ez zela zure helburua.

Nik fisio bati esan nion eta errieta egin zidan. Eta zera esan zidan: “Zu ez zara zorteko hemen egoteagatik, zuk lan egin duzu hona etortzeko”. Baina kontuan izan behar da nire jarduna ez nuela bideratu Tokiora eta bertan egotea prozesuko azken pausoa zen. Denboraldia antolatu nuenean, argi nuen ez zitzaidala burua joango horregatik.

Arantza nuen sartuta Londreseko Munduko txapelketatik. Ez nuen bidea gozatu. Oraingoan, egin dudan guztiarekin zoriontsu izan naiz eta bete dit. Beraz, Tokion guztia egina nuen.

Esperientzia bizitzea, jendea ezagutzea, Paralinpiar Joko batzuk zer diren jakitea eta ikastera, batez ere, horretara joan naiz.

Emaitzak ez zeuden buruan inolako momentuan. Zentzu horretan lasai joan naiz. Ez zen “nire jokoak dira eta hau lortu behar dut”. Hamazazpi urte dauzkat. Nire Jokoak Paris 2024 edo Los Angeles 2028 dira.

Tokiora, beraz, ikastera eta esperientzia hartzera joan nintzen hurrengo hitzorduetarako.

Lehiaketari dagokionez, ez zenuen lehia ongi hasi. 200 metro lau estilo probatik kanpo geratu zinen. Egoera horrek eragin al zizun?

Ez, uste nuena baino hobeto erantzun nuen. Tokio izan da kudeatzeko esperientzia zaila. Gauza asko ziren. Baina guztiarekin ere, proban gertatutakoa ongi kudeatu nuen. Hortaz ere ikasten da.

Nire hitza da epaileenaren aurka. Ez diot kontra egingo, ikasketa batzuk ditu. Gainera, Paralinpiar Jokoak dira, ez da etxeko txapelketa bat. Maila handia dago eta normala da hain zorrotzak izatea.

Hortaz gain, bi laugarren postu eta diploma olinpikoak lortu zenituen. 100 m. tximeletan momentu batean brontzezko domina eskura izan zenuen…

Lehia horretan egon ahal izateak hurrengo jokoetarako beste ikuspegi bat ematen dizu.

Egia esan Tokiora iritsi nintzen rankingak begiratu gabe. 100 m. tximeletara iritsi nintzen eta jendeak lehen postuetan egon ahal nintzela esaten zuenean nik ez nuen ulertzen.

Bi laugarren postua eskuratu ditut eta hamazazpi urte ditut. Ez dizkiot buelta asko eman gaiari. Nire teoria da gauza batzuk gertatzen direla gertatu behar dutelako. Eta honek beste ikuspegi bat eman dit.

Zudaire Borrezo, Paralinpiar Jokoetan lehian. Arg.:  Espainiako Paralinpiar Federazioa

Paris 2024 , hiru urte dituzu prestatzeko. Zein izango da helburua?

Bai, ziklo motza da hurrengoa. Parisera hogei urterekin iritsiko naiz. Adin hoberena 23-24 urte dira. Beraz, Parisera beste helburu batzuk izango ditut. Gainera, Espainiako selekzioan belaunaldi aldaketa ari da gertatzen eta lehiakortasuna handitzen ari da. Entrenamendu aldaketak izan dituen fruituak ikusita bide horretatik jarraituz helburuak betetzen jarraituko dudala uste dut.

Urtez urte ikusiko da. Orain denboraldia hasi behar dugu. Aurten gainera motza da ekainean bukatuko dugu Munduko txapelketarekin. Zer gertatzen den ikusteko balioko du.

Hori guztia gainera ikasketak eta kirola uztartuz egin nahi duzu. Nola moldatuko zara?

Zaila da kirolari izan eta Batxilergoa egitea. Nire izaerarengatik eta neure buruari eskatzen diodanarengatik denera iritsi nahi dut eta ongi egin nahi dut. Eta nota atera gainera.

Iaz urte gogorra izan zen zentzu horretan. Egun batzuetan goizeko 6:45ean etxetik atera eta gaueko 22:00etan iristen nintzen. Goizeko 6:30ean esnatu naiz 7:00etan uretan egoteko. Bertan 8:15ak arte egoten nintzen.

Gainera, ez dut laguntza eskatu nahi. Azterketak Espainiako txapelketa baten ostean badira, ez dut eskatzen atzeratzea. Ez dut besteek baino gehiago izan nahi. Eta liburuekin txapelketara noa. Arazo bat dut horrekin, guztira iritsi nahi dut eta besteak bezala egin, baina ez naiz iristen.

Gainera, azterketa garaian, entrenamendu bikoitzak kendu ditut eta ez nintzen ongi sentitzen entrenamenduak uzteagatik.

Tokioren ostean, guztia gehiago erlatibizatzen dut. Ikasi dut ikasi dudana da, ez dela ezer gertatzen ez banaiz guztira iristen. Beraz, aurten guztia hobeto kudeatzea espero dut. Zazpi bat ateratzen badut, ez nire buruarekin haserretzea. Ea zer moduz doan.

Horrez gain, Tokiora joateagatik ateak irekitzen zaizkizu ikasketa munduan. Errendimendu handiko kirolariek plaza batzuk dituzte erreserbatuak eta zerrenda horretan nago. Horrek lasaitasuna ematen du, baina ez du esan nahi bertan gozo geratu behar dudanik.

Baina beste eginkizun batzuk ere sortu dira, ezta?

Bai, horrela da. Olinpikoa izateagatik, baditut beste eginkizun batzuk ere. Selekzioak ezarritako ekimenetara joan behar naiz, ezin dut ezezkorik esan. Orain hori nire lana ere bada.

Nire kirolaren ikuspegia aldatzen ari da, kirola profesio bezala bilakatzen ari da eta gainera, eredu zara. Kirola izan da motorra azken urteetan eta orain garrantzia handiagoa hartzen ari da.

Noiz hasiko zara denboraldi berria prestatzen?

Oraindik Tokio asimilatzen ari naiz. Oporretan egon naiz eta hurrengo asteetan ikasketekin hasi eta entrenamenduekin hasi nahiko nuke.

Igeriketarekin mantso-mantso joango naiz. Kirola behar dut, faltan dut. Munduko Txapelketako plaza ziurtatua daukat Jokoetan egon izanagatik, beraz, presio gutxiago dut. Baina maila mantendu behar dut. Ezin dut helburu zehatz bat ezarri denboraldirako. Zeren eta kirola ere gorabeheraz betea baitago. Batean goian egon zaitezke eta bestean behean. Pixkanaka ikusiko da.

Erlazionatuak